Hau ez da Zurrantegi, baina bada
Gaur kultur taldeak 1979an Zurrantegi deitzen duten etxea hartu zuen sormen laborategi gisa. Carlos Ausserladscheider bertara aldatu zen. Etxea ez zen Zurrantegi, Lekuona baizik.
Hau ez da Rene Magritte (Belgika 1898-1967) margolariak Irudien Traizioa bilduman margotutako piparen kasua, baina ez dago urrun. Margolan hartan pipa bat margotu zuen eta hura ez zela pipa bat idatzi zuen artistak. Marrazkia zela eta, horrenbestez, errepresentazio soila zela esan zuen, ez pipa bat bere horretan. Goiko argazkian Zurrantegi baserria ageri da, eta bada, baina ez da. Legazpin 1976an ernatu zen Gaur taldea, 1979an sortu eta Zurrantegi egokitu zuten euren sormen laborategia izan zedin.
Gaur taldearen Zurrantegi baina, ez zen argazkiko etxe hori, Lekuona etxea baizik. 40 urte pasa dira ordutik eta Gaur taldeaz zein haren arimetako batez mintzatu diren guztiek Zurrantegi deitu diote tailerrari, baina ez zen etxe hura. Lekuonatik atera da bertako bizilaguna, etxeko eskailerak jaitsi eta etxeen izenei buruzko azalpenak ematerakoan Carlos Ausserladscheider aipatu du eta han, Lekuonan, bizi izan zela esan du. Argazkian ez da Lekuona agertzen, argazkirik ez ateratzeko eskatu du-eta hango egungo jabeak.
Larunbatean Carlos Ausserladscheider omenduko dute Legazpin. Txo! Kolektiboko –berak sortutakoa– kideek antolatu dute ekitaldia. Kolektibo haren aurretik ordea Gaur taldea izan zen. Haren kidea izan zen Txakel Urarte (Legazpi, 1957).
Urartek 1979an Gaur taldeak Legazpiko Udaleko kultura batzordeari egindako gonbidapena erakutsi du. Gonbidapena txosten bat da non taldearen ibilbidea eta iparra biltzen diren. Txostenak Ausserladscheiderrek egindako marrazki geometrikoa dakar, taldearen logoa izan zena. Urartek taldeak fotokopiak eginez eta eskuz enkoadernatuz egindako poema-liburua erakutsi du, bertan logoaren azalpena dago, marra bakoitzari zenbaki bat dagokio, baita idatzi bat ere. Poema-liburua Gaur taldeak egindako beste sormen lanetako bat da.
Txostenean, esaterako, kontatzen dute –idazmakinaz idatzitako testuan– 1976ko sorrera. Sorrera hura txalapartari estu lotuta iritsi zen. Talde bat sortu zuten Ezai emana, ezak emana izenarekin. Azalpenean diotenez, taldearen xedea zen «ikerketaren haritik hainbat talde batuko dituen bilgunea izatea zeinak kultur fronte bat osatuko duen». Fronte horrek, besteak beste, txalaparta ezagutzera eman nahi zuen eta behar izan ezinbestekotzat zuten egoitza bat. Izan ere, tarte batez gau eskolako lokalean ibili ziren, baina gerora ez zen bideragarria izan. Fronteak antzerki taldea, literatur taldea, pintura taldea eta arkeologia taldea hartu zituen.
Kultur frontea
Aitzitik, arazoak izan zituzten, batez ere, egoitza duin baten falta eta ezintasun ekonomikoak. 1978 hasieran taldea desagertu zen. Frontearen partaide batzuek, arte plastikoen eta musikaren ildoak hartuta, Gaur taldea sortu zuten. Udalarekin hartu-emanetan saiatu ziren haiek ere arrakasta handirik gabe, eta bestelako ekintzei heldu zieten gutxieneko diru sarrerak edukitzeko. Txakel Urartek, batik bat artisau lanak egiten zituztela dio eta haiek herriz herri saltzen ateratzen zutena bestelako ekintzak sortzeko erabiltzen zuten. Haurrentzako egurrezko jostailu asko egin zituztela gogoratu du.
Txostenean jaso zutenez, «1978ko irailean lehenengo aldiz Lekuona Etxeberri okupatu zuten, Zurrantegiko eremuan». Bi izenak esaldi bakarrean, Lekuona eta Zurrantegi. Lehenengoa galdu da denboraren kiribilean eta gaurko ahotsek ez dute apenas aipatzen; Zurrantegi bakarrik geratu da. Txostenak ez dauka, ordea, memoriarik.
Erakusketak eta kontzertuak egin zituzten; batzuetan superabita, besteetan defizita. Enpresekin lankidetzan aritu ziren Legazpiko gau eskolak antolatu zuen artisautza eta industria erakusketa batean, Legazpiko jai batzuetan izandako kontradanborrada batean antolatzaileei lagundu zieten, txalapartariak prestatu zituzten Legazpin eta Legazpitik kanpo, pankartak eta anagramak diseinatu zituzten, Legazpi eta Urretxu-Zumarragako zineklubentzat diseinu lanak egin zituzten… Hori dena eta gehiago atera zen Zurrantegitik.
Txakel Urartek adierazi duenez, «etxe hartan lan asko egiten genuen, artisautza batez ere. Lana besterik ez zegoen han». Gaur taldeko kideek 18 eta 22 urte inguru zituzten. Nagusiena Carlos Ausserladscheider zen, sorreran 27 urte zituen.
Txostenak Lekuonako espazioak nola banatuta zeuden azaltzen du: musika tailerrak 13 metro koadro, aroztegiak beste horrenbeste, pintura tailerrak 16tik gora eta modelatzeko tailerrak ia 11 metro koadro. Xehetasun guztiak jasota daude txostenean. Ez da esaten, hala ere, Ausserladscheiderrek Patrizio Etxeberriako lanpostua utzi eta Lekuona alokatu zuela.
Kideak ere aipatzen ditu, izen soilez. Tartean dago Urarte eta tartean dago, baita ere, Javier Sainz Txanpi garai bateko Hertzainak taldeko bateria eta egun Doctor Deseo-koa. Bederatzi kide aipatzen dira, lau emakumezkoak.
Zergatik Gaur
Zergatik deitu ziren Gaur? «Une oro bere abiapuntuak eta jomugak berrikusten egongo den taldea baita». Eta Urartek esan bezala, Gaur taldea kultur talde petoa izan zen. Egin zuten guztiaren azken helburua kulturari lotua zegoen; pitxiak egin eta hippien gisan saldu zituzten baina irabaziak, adibidez, erakusketa bat antolatzeko erabiliko zituzten.
Lekuona-Zurrantegi garaiko komunen aroan sortu zen, bazuen hortik baina beti ere kultur sormenari lotutako espazioa izanda. Ez zuten, hala ere, erakundeen aldetik laguntza askorik jaso, beharbada irudiak traizionatu zituen, nolabaiteko hi-ppie irudi hark. «Gizakiok irudia eta objektua nahasten ditugu», zioen Magritten Irudien Traizioa bildumatik hurbil.