Maiora eta Muxika plazak berritzea izango da aurtengo proiektu nagusia
Ormaiztegiko Udalak 1,7 milioi euroko aurrekontua onartu du aurtengo ekitaldirako. Inbertsioen arloko diru sailik handiena bi plaza horiek berritzeko erabiliko dute.
Ormaiztegiko Udalak 1.771.169 euroko aurrekontua onartu du 2019ko ekitaldirako. Hainbat obra eta interbentzio egingo dituzte. Aurrekontuari dagokionez, Maiora plazan eta Muxika egurastokian egingo dituzten berritze lanak dira aurrekontuaren zatirik handiena hartzen dutenak, 150.000 euro guztira.
Maiora plazako lanak martxoan bertan hasiko dituzte. Bertan, aparkalekuko asfaltoa berritu, margotu eta espaloiaren egokitzapena egingo dute. Proiektua dagoeneko esleituta dago.
Muxika egurastokia, berriz, Ormaiztegin egiten diren ekintzen bihotzetako bat da eta han egingo dituzten lanak «konplexuagoak» direla esan du Jon Enrique alkateak. Hain zuzen, estolderia, zoladura eta lorategia berrituko dituzte. Proiektua eginda dago jada, esleipen prozedura aurki jarriko da martxan, eta maiatza inguruan lanei ekiteko moduan egongo direla aurreikusi dute.
Diru sail nabarmena hartuko dute, halaber, plazaren eremuan, eliza inguruan jarriko dituzten komun publiko berriek: 65.000 euro.
Beste proiektu batzuei dagokienean, herri eskolako instalazio elektrikoa egokituko dute eta haur eskolako zorua berritu; bi obra horietan 50.000 euro inbertituko dituzte. Eskola zaharreko gunean Gizarte Etxe berria ireki zutenetik, Gaztelekua eta Adinekoen Arreta Zerbitzua martxan jarri dituztenez, bi espazio horien aurrekontua urtean 44.700 eurokoa izango da. Gizarte Etxearen ondoan haurrei zuzendutako jolas parke bat egiten ari dira eta «martxoaren erdialderako erabilgarri» egongo dela esan du alkateak. Jolas parkearen aurrekontua 19.000 eurokoa da.
Baserri bideei dagokienez, aurten Ojarbi eta Arandi baserrietara doazenak berrituko dituzte; egoera txarrean dauden zatiak konponduko dituzte. Lan horiek egiteko 45.000 euro inbertituko ditu udalak.
Hilerrian 32 kolunbario jarri dituzte, hamar urterako emango dituzte eta herritarrek martxotik aurrera erabili ahal izango dituzte. Lanen aurrekontua 15.500 eurokoa izan da.
Entsegu lokalak
Kiroldegian ere egingo dituzte lanak; lokalak egokituko dituzte udalerriko musika taldeek entsegu lokal gisa erabil ditzaten. 16.000 euro erabiliko dituzte.
Herriguneko itxiturak –bidegorrikoak, haur eskolakoak, eskolakoak eta abar– ere berrituko dituzte. Alde batetik, igerilekua erabilera okerretatik babestu nahi dute horrela, eta bestetik, herrigunean zakurrak aske ibil daitezen eremu berria sortu nahi dute; 17.500 euroko inbertsioa egingo dute.
Kale garbiketa, lorezaintza, mantentze eta bestelako zerbitzuetan ez dute kontratu aldaketarik egingo. Udalekuen iraupena hiru astetik lau astera zabalduko dutela aurreikusi dute.