Natur ondarea ezagutuz
Inguruko natur ondarea ezagutzera emateko martxorako hainbat ekintza antolatu ditu Landarlan Ingurumen Elkarteak. Dokumental emanaldiak, hitzaldia eta irteera antolatu dituzte hainbat herritan.
Naturaren loratzearekin batera martxorako egitarau betea antolatu du Landarlan Ingurumen Elkarteak. Ingurumena ardartz hartuta, gaiaren lanketa egiteko dokumental emanaldiak, hitzaldia eta mendi ibilaldia antolatu dituzte, Goierriko hainbat tokitan. Helburua garbia da, ingurumena babesteko kontzientzia garatzea herritarren artean eta horrez gain, inguruko natur ondarea ezagutzera ematea.
Dagoeneko Euskal Herri osoan zehar 6.000 lagunek ikusi duten Aralar, mundua leku den lurra dokumentalaren emanaldiarekin irekiko dute martxoarako antolatu duten egitaraua. Bihar osteguna izango da emanaldia, Segurako Kultur Etxean, 18:30ean. Gainera, bertan izango dira dokumentala zuzentzen aritu den On Produkzioakeko lantaldea. Iparra Hegoa ekimenaren barruan antolatutako ekitaldia ere bada honakoa.
Martxoaren 20an, asteazkenean, Naturtzaindia elkarteko aditu Aitor Montesek, Lumak astinduz izenburupean, hitzaldia egingo du. Inguruko hegaztiak izango ditu hizpide. Ordizian izango da hitzordua, 19:00etan hasita. Kutxa Fundazioaren laguntzarekin antolatutako ekintza da.
Aste horretan bertan, baina igandean, martxoaren 24an, hitzaldiari jarraipena emateko, ibilaldia antolatu dute, Aizkorri natur parkeko hegaztiak ezagutzera emateko asmoarekin. Sarri, gertu-gertuan bizi diren espezieak ezagutu ez eta herritar guztiei gaiaren inguruan gehiago ikasteko aukera eman nahi diete. Otsaurteko Bentatik 09:30ean aterako dira eta 12:45era arte iraungo du irteerak. Gainera, erraztasunak jarriko dituzte jendeak parte har dezan. Izan ere, doako autobusa antolatu dute. 08:30ean aterako da Zaldibiatik eta Ordizian, Lazkaon eta Beasainen geldituko da. Aldez aurretik izena eman behar da landarlanelkartea@gmail.com epostara idatzita edo 682 463 478 telefonora deituta.
Azkenik, martxoaren 26an, asteartean, Ekologistak Martxan taldeak antolatutako Ekozinemaldiaren barruan eta Murkondo Kultur Elkartearen laguntzarekin, Aralar, mundua leku den lurra ikusi ahalko da Ataungo San Gregorioko elkargunean, 19:00etan. Zuzendariak ere bertan izango dira. Amaieran luntxa emango dute.