Zuberotarrek Ataungo kontuak eta kantuak bildu eta emango dituzte
‘Züek heben’ ekimeneko lau lagun Ataunen barrena ibiliko dira bihar-etzitan, herritarren irudiak, istorioak eta doinuak jasotzen. Emanaldia egingo dute larunbatean, bildutako funtsarekin
Euskal Herriko «atlas geopoetikoa» osatzen ari diren Mauleko Züek Heben ekimenekoak Ataunen ibiliko dira, aste honetan. Lau lagun, jendearekin elkarrizketak egiten eta ahozko ondarea biltzen ariko dira, bihar eta etzi, herrian barrena. Audioan eta iruditan jasoko dute ondarea. Gero, larunbatean 19:00etan, San Gregorioko Elkargunean emanaldia egingo dute.
Herririk herri ibili ohi dira, toki bakoitzari «nortasun berezia» ematen dioten hitzak, mintzairak, euskalkiak eta istorioak jasotzen. Ataundarrekin hizketan eta argazkiak ateratzen jardungo dira.
Lehenago, hamaika tokitan egina dute folklore eta etnografia bilketa hori (hebentik.blogspot.com webgunean ikusgai), gero Züek heben emankizun berezian aurkezteko.
Musika eta kantua lagun
Lau lagun ibiliko dira, Ataunen. Zapatuan, lau horiek beraiek eskainiko dute ikuskizuna. Jean-Christian Galtxetaburu, Mixel Etxekopar, Patxi Laskarai eta Pierre Vissler dira artistak: «Gamarteko akordeonista, gotaindar soinularia, Donibane Lohizuneko argazkilaria eta Montoriko soinu biltzailea», haien hitzetan.
«Euskal Herriak, edo hobeki erran, euskal herriek eta herrialdeek, badute berez izena eta izana.
Bakoitzari nortasun berezia errekako urak ematen dio, dudarik gabe. Baina gehiago bizizaleek eta jende hauen eleek, mintzairak eta euskalkiak», aurkeztu dute Züek heben.
Eguzki Urteagak Ipar Euskal Herriaz hitzaldia, Ataunen
Atauniker kultur elkarteak gonbidatuta, Eguzki Urteaga Olano soziologoak eta EHUko irakasleak hitzaldia egingo du, bihar, Ataunen. ‘Ipar Euskal Herria, antolaketa eta erronkak’ gaia landuko du.
Ataungo udaletxeko batzar aretoan izango da hitzaldia, bihar 19:00etan.