Arbola landatze garaia badoa udaberria badator
Tipula gorri berria, zainzuria, udaberriko zizen lehen lagina eta hainbat landare produktu berri aukeran izan dira aspaldiko partez giro hotz eta hezearekin egin den ferian.
Giro hezeak hotz sentsazioa areagotu badu ere, jendearen aldartea udaberrikoa da. Poliki-poliki, oraindik zuhurtasunez, geroz eta jende gehiago animatzen da tomate landareak erostera (0,50-0,60 euroan bakoitza), Jack barietatekoa. Lehen piperrak Ibarratik ekarri zituen Esther Ilarramendik. Eta postu berean deigarri diren zainzuri zuztarrak. Nola landatu eta lehen fruituak jaso artean eman beharreko urratsen berri detaile guztiekin emateko prest zen Esther. Gainerakoan, gehien saltzen den landarea tipula da, udaberrikoa eta urteko gorria. Eta aukeran daude marrubia, ziazerba, orburua, errefautxoa, perexila, urteko zerba…
Jateko prest, berriz, lehen tipula gorriak, buru txikiarekin oraindik, baina burua ez ezik landarearen hostaje berdea ere jangarri. 1,5 euroan zegoen sorta. Zainzuriak zeuden salgai, kiloa 9 euroan, eta Granadatik ekarritako patata berria, 1,5 euroan. Patxi Aierbek aurkitutako eskukadatxo udaberriko ziza ere ikusi genuen.
San Josek seinalerik ez
Garai batean nabarmen garestitzen zen arkumearen prezioa garai honetan. San Josetan jatea ohiko errituala zen. Orain ez da horren arrastorik sentitzen, jan ohiturak aldatu dira eta garaian garaikoari ez zaio hainbeste erreparatzen. Ondorioz, prezioan ez du aldaketarik, kiloak 3,50 euroan (bizirik pisatuta) segitzen du.
Idiazabal jatorriko izendapenarekin saldu du Naroa Irigoienek Goiburu gazta, eta atzo ketua ere ekarri zuen (19,5 euro kiloa).
Arbola landare garaiak agur
Juan Amezketa kalean Justo Dorronsoro ataundarra urtarrilaren 9tik arbola landarekin etorri da. Atzokoa zuen azkena. Oraindik ere arbola batzuk landatu daitezkeela zioen, «sagarra eta basokoak oraindik ez dira mugitzen hasi baina ia berandu da arana, irasagarra, muxika, brinoia edota goizeko udara landatzeko». Arbola zaharra lehenago mugitu ohi dela gaztea baino azaltzen zuen, «azkeneko puja da azkena mugitzen dena». Gustura zen denboraldiaz, «hemen saldu baino tratuak egiteko gune egokia gertatzen da hau, gero etxetik bertatik hartzen dituzte zuzenean askok».
Bitxikeriak
Idahoko unibertsitateko ikasle batzuen bisitak eta Asteazkenez Ordizian feriari buruzko Migel Angel Quintanaren 1982ko filma laburrak (ikusgai dago goiberri.eus webgunean) saltzailee eta ohiko bezeroen arreta piztu zuten. Feriak azken urte hauetan bizi izan dituen aldaketen lekukotza interesgarria da filma.