Arrosa Sareak Urretxu-Zumarragan egingo du aurten topaketa
Euskal Herriko irrati libreen sareak Urretxu-Zumarraga aukeratu du aurtengo topaketa egiteko. Egun osoko egitaraua antolatu dute martxoaren 23rako, hitzaldi, bazkari eta kontzertuekin.
Arrosa Irrati Libreen Sarea urteroko topaketa prestatzen ari da, eta aurten, Urretxu-Zumarraga aukeratu dute bilkura egiteko. Martxoaren 23an izango da, eta egun osoko egitaraua (kartela albistearen behekaldean) antolatu dute. Topaketa hori 2012. urtetik egiten dute eta aurtengoa 8. edizioa izango da; besteak beste Bergaran, Gernikan, Baionan, Bilbon, Ondarrun edota Gasteizen egin dituzte, orain arte.
Iaz Gasteizen egindako topaketaren laburpen bideoa, Hala Bedi irratiaren eskutik:
Aurten KKinzona Irratia izango da topalekua jarriko duena, eta Urretxu-Zumarragako Gaztetxea elkargune nagusia. Goizean harrera egin eta gero, hitzaldi sorta egingo dute. Bazkaria, irrati kuinen eta abestien lehiaketa, poteoa eta kontzertuak izango dira, Chaval, Arrotzak eta Turtukiña DJarekin.