'Bakean dagoena bakean utzi' bakarrizketa, bihar Zaldibian
Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik euskararekin eta generoarekin lotutako elkarrizketa umoretsua egingo dute. Emanaldia plazan izango da.
Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileek Bakean dagoena bakean utzi umorezko bakarrizketa egingo dute, bihar, Zaldibian (18:30ean, plazan). Biren arteko elkarrizketa bizia izango da, euskararekin eta generoarekin lotutako hainbat konturi «punta» ateratzeko.
Emakumeen egunerokotasunari buruz, ordubete pasako saioa da. «Betaurreko moreak jantzita» egingo dute. «Onomatopeiak, amatasuna, gorputz jarrerak, euskarakadak, parranda, hilekoa…» landuko dituzte.
Izenburua «gezurra» dela aurreratu dute, inor bakean uzteko gogorik ez daukatelako. Umorea kritika egiteko ere erabiliko dute.