Ibilbidea apur bat luzatuta, larunbatean jokatuko dute Goierri Rallyesprinta
Hiru herritan barrena izango da 16,4 kilometroko ohiko ibilbidea, Lazkaon, Zaldibian eta Gaintzan. 51 talde daude izena emanda, denboraldiko bigarren probarako. Aspanogiri lagunduko diote
Lehen ere Euskal Herriko automobilismo denboraldiko zati luzeena bazen, gehixeago handituko du Goierri Rallyesprintak auto lasterketako ibilbidea. Lazkaomendin berritasun ikusgarri bat erantsi diote: Lartxai elkartea inguratuko dute, ezker aldetik sartu eta bertan izkin eginez, Abalin eta Atxubieta alderako igoerari ekiteko. Guztira, 16,39 kilometroko zatiari hiru pasaera egin beharko dizkiote autoek.
Goierri Rallyesprintaren 6. ekitaldia larunbatean jokatuko da, Ikullu Racing taldeak antolatuta. Ohiko ibilbidea izango du, gainontzean. Lazkaoko hilerri parean abiatu, Lazkaomendi gainditu, Zaldibiara jaitsi, Larraizko bidegurutzetik barrena Gaintza zeharkatu, eta Zaldibiara beherantz bukatuko da.
51 talde daude izena emanda. Etzi goizean, egiaztapen teknikoak eta administratiboak gainditu beharko dituzte, irten ahal izateko. Lazkaon izango dira rallyesprint modalitateko gidari onenak, tartean Goierri Rallyesprinta bina aldiz irabazi duten Enrique Barrenetxea-Arando eta Anartz Onandia (2015 eta 2018), eta Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola (2016 eta 2017).
Goierriko hamar bat talde ere badira izena emandakoen artean (Goierriko Koparako puntuagarriak zazpi, behealdekoak); Lazkaoko lau eta Zaldibiako bi.
Mitsubishi bakarra (Barrenetxearena) eta 18 BMW daude. Joseba Iraola Porsche 911 GT3arekin aterako da, bestetik.
Aspanogirentzat laguntza
Beste behin, Goierri Rallyesprintak uzten dituen diru etekinak Gipuzkoako haur minbizidunen familien Aspanogi elkarteari emango diote antolatzaileek. 191 familia ditu gaur egun. Minbizia daukaten haurren eta haien familien hobetzeko ahaleginean dihardu, «bai erietxean, bai ondoren», Nekane Lekuona lazkaotar elkartekideak azaldu duenez. «Laguntza behar dugu, eta eskertzen dugu jasotakoa».
Sarrera 10 euro ordaindu beharko du ikusle bakoitzak. Erlojupekoak 14:00etan, 16:00etan eta 18:00etan hasiko dira.
Izendatutako aparkalekuak erabiltzeko eskatu du Ibai Agirre antolatzaileak, batik bat Zaldibiako sarreran: «Bilore aldean utzi autoa, herri barruraino sartu gabe. Saihesbidearen alde bat ere aparkatzeko egokituko du-gu». Ikusleak leku seguruan jartzeko eta hondakinak norberak eramateko eskatu dute.
6. Goierri Rallyesprinta
· Eguna. Larunbata, martxoak 16.
· Ibilbidea. Lazkao (hilerria), Lazkaomendi, Abalin, Maizberri, Zaldibia, Larraitz bidegurutzea, Gaintza, Zaldibia bidegurutzea.
· Distantzia. 16,39 km
· Zatiak. Hiru erlojupeko.
· Sarrera. 10 euro. Diru-etekina Aspanogi elkartearentzat.
· Taldeak: izena emanda 51.
· Ordutegia:
– 09:00-11:30, egiaztapen tekniko-administratiboak (Lazkaoko plazan).
– Goizean: auto zaharren erakusketa eta bazkaria, Lazkaon.
– 13:00, abiapuntura irteera.
– 14:00, lehen erlojupekoa
– 16:00, bigarren erlojupekoa
– 18:00, hirugarren erlojupekoa.
– Ostiral arratsaldean, talogileak eta karaokea.