Carlos Ausserladscheider artista legazpiarra omendu dute
Artista legazpiarraren eta gertuko hainbat artisten lanak jarri dituzte ikusgai Legazpiko azokan omenaldiaren harira. Gari musikariak ere joko du gaur egingo duten omenaldi kontzertuan.
Egun berezia gaurkoa, Carlos Ausserladscheider artista legazpiarraren gertukoenentzat. Izan ere, omenaldia eta agurra egin nahi izan diote artelanez eta musikaz inguratuta. Goizean goizetik, Legazpiko azoka izan da elkargunea. Bertan, artista legazpiarraren obrak eta bere inguruan lanean aritu diren beste hainbat artisten lanak ere ikusgai daude gaur.
Eguerdian, ekitaldia egin dute. Bertan izan dira, familiako kideak, lagunak eta gerturatu diren herritarrak. Haren alabak adierazi duenez, “aitak nahiko lukeen bezala agurtu” dute. Txistulariek eta dantzariek ireki dute omenaldia. Ondoren, txalaparta jo dute bere lagun Txanpik eta Lupik, eta haien ondoren, Zuhaitzaren Soinua txalaparta taldekoek ere jo dute. Ekitaldia bukatzeko, familia argazkia atera dute.
Baina horrekin ez da amaituko gaurko egunez egingo dioten omenaldia. Gaur, gertukoenek elkarrekin bazkaldu eta arratsaldean, kontzertuak egongo dira 20:00etatik aurrera. Tartean Gari musikari legazpiarrak ere joko du.
Artista ez ulertua
Arteari lotuta pasa du Ausserladscheiderrek bizitza osoa. 90. hamarkadan Gorka Salmeronekin batera, Txo! kolektiboa sortu zuen. Artista ugari eta disziplina desberdinetakoak bildu zituen kolektiboak. Urte batzuen etnaren ondoren, 2009.urtean berriz ere elkartu ziren eta 2015ean, kolektiboaren 25. urteurrenarekin batera, erakusketa handi bat mugitu zuten hara eta hona. Salmeronek berak adierazi duenez, “bere denboretarako aurreratua zen eta askok ulertzen ez bazuten ere, jenio bat zen”. Hori horrela, “Carlosen oroimenez, egindako lanak berreskuratuko, bilduko eta merezi duten tokia emango” diote.