Lazkao eta Gaintza artean jokatuko da Goierriko Rallyesprinta, gaur
51 partaidek eman dute izena, tartean Goierriko zazpi bikote izango dira. Probaren lehen itzulia, istripuagatik neutralizatu dute.
Motor usaina eta abiadura gustuko dutenek Goierrin dute gaur hitzordua. Goierri Rallyesprinta jokatzen ari dira, Ikullu Racing taldeak antolatuta. Euskal Herriko Rally Esprint txapelketarako puntuagarria ere bada proba.
Eguraldi apartarekin argitu du gaur egunak eta jende ugari gerturatu da lasterketaz gozatzera. Goizean egiaztapen probak egin dituzte eta arratsaldean hasi dute lasterketa. 51 partaidek eman dute izena. Zortzi kategoriatan jokatuko da eta sari berezia ere izango dute Goierriko piloto eta kopilotoek. 14:30ak aldera atera da lehenengo partaidea, Lazkaoko hilerri ingurutik. 16,5 kilometroko ibilbidea da egin beharrekoa. Lazkaotik, Zaldibia aldera egin, handik Larraitzera igo eta Gaintzan kokatu dute helmuga.
Lehenengo itzulian, lehenengo istripua izan da. 12. dortsalarekin atera den Aitor Baltasar nafarrak, ezbeharra izan baitu. Antolakuntzak, zauriturik egon ez dela jakinarazi du, baina neutralizatu egin dute lehen itzulia. Horrez gain, beste ezbehar bat ere gertatu da. 7. dortsalarekin atera den kotxeak su hartu du helmugara iritsi denean baina kasu horretan ere, zauriturik ez da egon. Bigarren itzulia, aurrikusita zegoen bezala 16:00ak inguruan hasi dute.
Ikullu Racing Eskuderia facebook perfilean egin ahalko da probaren jarraipen osoa.