Castro eta Urkiola garaile Goierri Rallyesprintean, hirugarren aldiz
Goierri Rallyesprintaren sei ekitaldietatik hiru badituzte dagoeneko Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiolak. Larunbatean irabazi, 2016ko eta 2017ko gariapenei erantsi, eta beste bi titulu dituzten Barrenetxea eta Onandia aurkari zuzenei aurrea hartu diete palmaresean.
Rallyesprint arazotsua eta istripu askokoa izan zen, larunbat arratsaldean. Eguraldi eguzkitsuak eta lehorrak arrisku gehiago hartzera animatu zituen gidariak, eta Lazkao, Zaldibia eta Gaintzan barrenako errepide estuek jarri zuten neurria. Izena emanda 51 talde bazeuden, 49k lortu zuten irteteko baimen tekniko-administratiboa; eta 26k bakarrik bukatu zuten.
Lehen erlojupekoan, kolpe bortitza hartu zuten Aitor Baltasarrek eta Ainara Fernandezek. Peugeot 205ak su hartu zuen, eta erabat suntsituta gelditu zen. Bandera gorria atera behar izan zuten, eta ibilbide erdiko erreskate taldeak parte hartu behar izan zuen: erietxera eraman behar izan zituzten bi partaideak.
Zati hori neutralizatu egin zuen lasterketaren zuzendaritzak. 12. postuan irten ziren Baltasar eta Fernandez, eta handik atzerako guztiei 10:15,55 minutuko denbora eman zieten. Ordurako, faborito gehienek osatua zeukaten zatia. Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiolak lortu zuten denbora onena, baita bigarren erlojupekoan ere: 9:41,10 eta 9:35,50 minutu hurrenez hurre, eta 7 segundora utzi zituzten Barrenetxea eta Onandia.
Nahiz eta 3. zatian Barrenetxea-Onandiak egin denbora onena (9:40,30), 60 ehunen besterik ez zieten kendu Castro-Urkiolari. Hirugarren aldiz, BMW M3arekin, txapeldun.
Hirugarren postuan Iñigo Alustiza eta Leire Urbieta sailkatu dira. Klaseka, 6an Barrenetxea-Onandia irabazle, 5ean Castro-Urkiola, 4an Mikel eta Eneko Nazabal zaldibiarrak, 3an Alustiza-Urbieta, 2an Ruben Zabaleta eta Maialen Izagirre, eta 1ean Alex Calzon eta Itxaso Errasti. Formula Librean, Jon Zubeldia-Zuhaitz Gantzarin izan dira azkarrenak, eta junior mailan Xabier Mujika eta Miriam Iztueta.
Sailkapena
1. Aingeru Castro-Alaitz Urkiola (BMW M3), 28:57,5
2.Enrique Barrenetxea-Anartz Onandia (Mitsubishi Lancer Evo IX), 29:04,2
3.Iñigo Alustiza-Leire Urbieta (Peugeot 208 R2), 30:42,6
FL. Jon Zubeldia-Zuhaitz Gantzarain (BMW 328i) 30:55,6
4. Jokin Zendoia-Aaron Robles (Renault Clio Sport), 31:22,7
5. Iñaki Iabar-Jon Goiburu (BMW M3), 31:43,9
FL. Imanol Lopez-Alejandro Lopez (BMW 325i), 31:54,8
FL. Egoitz Garcia-Sergio Villar (BMW 325i), 31:55,5
6. Xiker Aiertza-Jon Lonbide (Peugeot 205 GTI), 32:05,0
7. Ruben Zabaleta- Maialen Izagirre (Peugeot 206 RC), 32:08,8
8. Jon Arregi-Igor Arriaran (Abarth Punto EVO), 32:12,7
9. Mikel Nazabal-Eneko Nazabal (BMW 325i), 32:23,2
10. Unai Redondo-Asier Gonzalez (Renault Clio Sport), 32:50,1