Palako Goierri Kopa, Arrieta eta Olaranentzat
Palari olaberritarrek irabazi dute 9. Goierri Kopa pala txapelketa, Olaberrian bertan finala atzo jokatuta. Ibarguren I.a-Alkortari 35 eta 30 irabazi diete.
Garikoitz Arrieta eta Imanol Olaran olaberritarrek irabazi dute 9. Goierri Kopa pala txapelketa. Finala atzo jokatu zuten, Olaberrian, eta 35-30 gailendu zitzaizkien Beñat Ibarguren I.a lazkaotarrari eta Oier Alkorta azpeitiar debutariari.
Hasierako 0-2ko iraulita, aurretik joan ziren une oro irabazleak, 5-6 tantoko aldearekin, baina sarri aurkariak bira inguratzen zitzaizkiela. Alkorta izan da aurtengo txapelketaren berritasun aipagarria; 18 urteko azpeitiarra debutari zen, eta txapeldunorde geratu da. Arrieta-Olaranek, ofizio handiz, sendo jokatu dute. Ibargurenek arriskuak hartu behar izan ditu, tanto bikainak eginez, frontoira joan diren pilotazaleen gozamenerako.
Finaleko pilotari onena Beñat Ibarguren izendatu zuten, eta hark jaso zuen garaikur hori.
Gipuzkoako Udaberri Txapelketako finala ere jokatu da, jaialdi berean. Ordiziako Oiangu taldeko Aranburuk eta Otegik irabazi diete Debako Euskal Jolaseko Badiola-Aristiri (35-25). Arkupe elkartean 22 lagun bildu ziren ondoren, Goierri Koparen bukaerako bazkarian.