Zikinkeriaz eta kontsumo ohiturez arreta pizteko bi ekimen Ordizian
Sare sozialetan zabaltzeko 'Zaborrak jabea du' izenburudun bideoa ekoitzi dute
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2019/03/ordiziahondakin-1200x717.jpg)
Herri garbiagoa eta higienikoagoa izatearren, Ordiziako Udalak bi ekimen abiarazi ditu, Hondakinen Mahaiarekin batera. Zikinkeria sor ez dadin eta erabilera bakarreko gauzen kontsumoaz kontzientzia pitz dadin, bideo bat sortu dute, batetik. Tabernetan gauzatuko dute, bestetik, hondakinak lurrera botatzea eragozteko kanpaina.
Zaborrak jabea du izenburupean, sare sozialetan zabaltzeko bideoa ekoitzi dute. Mikel Aguadok egin du, eta Urrup antzerki taldeak, Amets-Bide dantza taldeak eta Oroith abesbatzak parte hartu dute. «Erabilera bakarreko gauzak kontsumitzea ekiditen ikasteko» helburua du mezuak, Joseba Aranburu Ingurumen zinegotziak azaldu duenez.
Tabernetan ontziak
Kalean edo tabernetan sortzen diren hondakinak lurrera bota ez daitezen —eta errekara joanda itsasoan buka ez dezaten—, biltzeko ontziak banatuko dituzte, MartArteko Marta Rodriguezen tailerretan apainduak. Mostradoreetan jarriko dituzte, zapiak edo txotxak botatzeko.