«Euskaraz hanka sartu, eskua eman eta jaikitzea da gakoa»
Euskaraz bizitzea erabaki zuen 20 urte zituela Joxe Mari Allurrek (Legorreta, 1944). Euskaldun berriei laguntzen die Mintzanet ekimenarekin, hitz egiteko lotsa gal dezaten.
Nola azalduko zenuke Mintzanet zer den?
Euskara praktikatzeko aukera bat da, batez ere euskaldun berrientzat. Euskaldun berriek normalean zailtasunak izaten dituzte euskaraz jarduten hasteko, eta honen bidez, lotsa galtzen dute eta hizketan hasten dira. Horretan laguntzen du Mintzanetek.
Euskaldun berriei bultzada bat ematea du helburu beraz.
Bai, askotan euskaldun zaharrok bizkorregi hitz egiten dugu, eta euskara ikasi berria dutenei kosta egiten zaie ulertzea. Lasai eta poliki hitz egingo dion pertsona bat behar du euskaldun berriak, konfiantza emango diona eta ondo ahoskatuko diona, errazago uler dezan. Hor hasten da hizkuntza bat ulertzeko pausua, saiatzen eta hizkuntza gustuko bihurtzen.
Bi rol daude ekimenean: Bidelaguna eta bidelaria.
Hori da, elkarrizketa arrunt bat bideratzea da helburua. Bidelagunak, nik alegia, euskara ikasten ari den horri praktikatzen lagunduko diot. Bidelariak berriz, nirekin euskaraz inongo lotsa eta estutasunik gabe egingo du.
Inoiz ez dugu jakiten zertaz hitz egingo dugun egun bakoitzean. Batzuetan eguraldiaz, besteetan irakurritako zein entzundako istorioez…
Unean uneko gaiez hitz egiten duzue?
Mintzanetek ematen dizu gairen bat nahi izanez gero, baina ondoren bikote bakoitzaren esku dago zeren inguruan jardun. Niri adibidez, hizketarako, Interneteko helbide bat gustatzen zait. Pako Eizagirrek zuzentzen du, eta bertan ipuinak daude bere ahotsean eta musikaz lagunduta. Oso lasai hitz egiten du eta erraza egiten zaio ulertzea euskara ikasten ari den horri. Nik, nire aldetik, nahi duen ipuina hautatzeko esaten diet, eta hurrengo astean bere hitzetan kontatzeko. Ariketa hori garrantzitsua iruditzen zait.
Mintzanet Sarietan aipamen berezia jaso berri duzu.
Urtero izendatzen da bidelagun eta bidelari onena. Aurten izendapen berezia jaso dut, eta ez dut ukatuko, ilusioa egin zidan. Errekonozimendu polita da, nahiz eta ez duzun horregatik egiten. Niri gainera nire bidelariak eman zidan oroigarria, eta momentu polita izan zen.
Bidelari bakoitzak bere erritmoa izango du.
Bidelaria bere aldetik ari da ikasten normalean, gramatika dela edo hiztegia dela. Normalean ikasitakoa praktikan jartzea bilatzen du, eta zuk bidea apur bat zuzentzen badiozu, poliki-poliki ahoskatuz eta hitz eginaz, ausartu egiten da.
Zure bidelari bat Argentinakoa da.
Buenos Airesko probintzian dagoen Azul hiriko emakume bat da nire bidelarietako bat. Berak bakarrik egiten du euskaraz bere inguruan. Hemendik joan ziren euskaldunik izango da han seguru asko, baina hitz egiteko aukera nirekin bakarrik dauka. Hasieran kosta bazitzaion ere, egun Txomin Agirreren Garoa eleberria irakurtzeko gai da. Astero galdetzen diot ea zer aurreratu duen, eta ondoren kontatzeko eskatzen diot. Ilusio berezia egiten dit nik, Garoa izan zelako irakurri nuen lehen liburua, 14 urte nituela.
Ez da ordea duzun bidelari bakarra argentinarra.
Norbere denboraren arabera neurtu eta hartu behar da erantzukizuna. Ni jubilatuta nago eta denbora eskaintzen diot honi. Ni, ostiraletan esaterako, jatorriz Burgoskoa den baina Basaurin bizi den Eduardo Rinconekin elkartzen naiz bideo bidez.
Hala ere, bidelari bakoitzarekin tratua desberdina izango da.
Bai, azken finean norberak bere historia du atzean. Basauriko Eduardo erretiratuta dagoenez, astelehenetako pentsiodunen manifestaziora joaten denekoa kontatzen dit. Argentinarrarekin berriz askotan eguraldia izaten dut hizpide, hemen negu betean baikaude bertan uda den bitartean. Egunerokotasuna duten gaiak lantzen ditugu.
Euskaragatik bokazioa duzula esango zenuke?
Bokazioa baino, 20 urte nituela erabaki nuen euskaraz bizi behar nuela. Horretarako euskaldunak behar dituzu derrigorrez inguruan, eta ez dakitenei esku bat botatzea erabaki nuen. Hori da nire helburua. Nik badakit norbait euskaraz ikasten ari bada laguntzea dela nire eginbeharra.
Euskal Herri osoko ekimena da Mintzanet ezta?
Noski, Euskal Herri osoaz gain Ingalaterrako jendea ikusten duzu euskaraz, baita Polonian eta Australian daudenak ere.
Kanpoko jendea euskaraz ikasten ari den bitartean, bertako asko erdaraz jarduten dira.
Hori ezin dut jasan. Goizetan oinez ibiltzera irteten naiz egunero, eta norbaitekin gurutzatu eta euskalduna izanda gaztelaniaz aritzea ez dut ulertzen. Amorrua ematen dit.
Ekimena ezagutzen ez duenari zer esango zenioke?
Mintzanetera jo eta bertan informazioa biltzeko gomendatuko nioke. Anima daitezela, azken finean, edonork du posible rol horietako bat hartzea. Beraiek bikotea esleitu, eta harremanetan jarri ondoren, hitzorduen erritmoa norberak aukeratzen du.
Ekimen hau zertarako da gehiago, ikasteko edo euskara praktikan jartzeko?
Nik uste dut praktikan jartzeko dela. Azken finean gu ez gara maisuak, ez dugu gramatika esplikatzen. Tartean sortzen diren zalantzak argitu ditzakezu, baina ez da hori helburua, elkarrekin euskaraz hitz egitea baizik.
Ze gomendio emango zenioke Mintzaneten parte hartzeko zalantzak dituen bati?
Aukera ona da Mintzanet, euskara praktikatu nahi zein lagundu nahi duenarentzat. Lagun bat ezagutzeko aukera ematen dizu ekimenak, lasaitasunez lotsa galdu eta konfiantzaz hitz egiten laguntzen da. Hanka sartu arren, elkarri eskua eman eta zulotik ateratzen laguntzen du.