Erle langileen bide amaigabea
Berrehun erle familiatik gora, bi hamarkada, eta bi erle langile nekaezin. Ogibidea pasio bilakatu, eta 40 urte daramate eztigintzan Eugenio Elorzak eta Ageda Zeberiok.
Ezti kilo baten atzean 2.500 erle eta 8.000 kilometro inguru omen daude. Eugenio Elorzak beste hainbeste kilometro egin ditu Segurako etxetik Zegamara bidean duen baserrira arte. 40 urtean aritu da erlezain: afizionatu bezala hasi zen arren, denborak aurrera egin ahala, bere ogibide bilakatu da. Erle familia pare batekin ekin zion bideari, eztia etxerako biltzen. Orain 200 familiatik gora ditu. Gutxi falta zaio 80 urte betetzeko, eta erretiroa hartu beharko balu ere, erlezaintza ezin utzirik dago.
Elorzak dioenez «lanbide irregularra» da harena: «Urte onetan ezti mordoa biltzen dugun arren, eskas gelditzen gara beste batzuetan». Zailtasunak zailtasun, «gustuko lekuan aldaparik ez» dagoela nabarmendu du Elorzak. Unerik oparoenetan eta gogorrenetan, bietan, Ageda Zeberio emaztea ondoan izan du Elorza erlezainak. Hark nabarmendu duenez, eztia erleek egiten dute, ez gizakiek. Garrantzitsua da, horregatik, erleak ondo zaintzea: «Eztia biltzea da gure lana, eta horretarako, erleei baldintza egokiak bermatu behar dizkiegu».
Negu guztia igarotzen du Elorzak erlauntzak udaberrirako prestatzen. Erle familia txikia denean, nahikoa da gela bakarrarekin. Ugaltzen doazen heinean, ordea, gela gehiago gehitu behar zaizkie. Neguan familiak 5.000 erlekoak badira, urte sasoiek aurrera egin ahala 50.000 izatera ere irits daitezke. «Etxean erle guztientzako lekurik ez badago, familia hautsi egingo da», adierazi du Elorzak, eta zera gaineratu du: «Orduan eta erle gehiago, orduan eta eremu handiagoa».
Natura, erlearen bihotzean
Elorzaren eta Zeberioren eskuhartzea txukuna den arren, ingurumenaren lana erabakigarria da. Eguraldiak, esaterako, bi aurpegi ditu: zenbaitetan erleen lagun mina da; beste batzuetan, etsaia. «Iaz udaberria oso txarra izan zen, eta aurten, beharbada, beroa gehiegi aurreratu da», azaldu du Zeberiok, eta honakoarekin jarraitu du: «Eguraldi kontuekin inoiz ezin da jakin».
Eztia egiteko erleek euri pixka bat eta tenperatura epelak behar dituzte. Kateko lana da: erleek nektarretik sortzen dute eztia, eta landareetatik lortzen dute nektarra. Loreek, bestalde, nektarra emateko eguzkia eta euria behar dituzte. Denak du, ordea, bere neurria: euri gehiegi eginez gero, urarekin batera joango da nektarra, eta erleek, ondorioz, ez dute jatekorik izango.
Eguraldi beroa gehiegi aurreratzeak ere ez dio eztigintzari onik egiten. «Neguan loreek nektar gutxi sortzen dute. Aurten, esaterako, ez loreak ezta erleak ere, ez zeuden otsaileko eguraldirako prest», nabarmendu du Zeberiok. Garaian garaikoa.
“Iaz udaberria oso txarra izan zen,
eta aurten, beroa gehiegi aurreratu da”Ageda Zeberio (erlezaina)
“Urte onetan ezti mordoa biltzen dugun arren,
eskas gelditzen gara beste batzuetan”Eugenio Elorza (erlezaina)
Zorriak, bakterioak, arkakusoak… Zeberioren hitzetan, «geroz eta arazo gehiago daude». Eguraldia ez da erleak mehatxatu ditzakeen faktore bakarra. Garbitasuna mantenduz eta zomorroen aurkako neurriak hartuz, orain arte, ez dute arazo larririk izan. Liztor asiarrek, esaterako, erleak harrapatu eta jaten dituzte. «Guk ez dugu arazo askorik izan asiarrekin. Hemen inguruko beste erlezain batzuei, aldiz, txikizio galantak egin dizkiete», adierazi du Elorzak. Kalte handirik nabaritu ez duen arren, prest ditu liztor asiarren aurkako tranpak: arriskua beti hor dago.
Mila lore, mila ezti zapore
Zomorro haina landare mota dago. Lurraldearen arabera aldatzen da eztiaren zaporea: ez erle espezie desberdinak daudelako, landare motak aldatzen direlako baizik. Nolako landarea, halako zaporea. Erromero eztia zuria izaten da, melaza eztia, bestalde, ilun-iluna. Elorzaren eta Zeberioren erleek, gehienbat, mila lore eta basoko eztiak egiten dituzte. «Mila lore eztia gure mendietako landare kopuruaren isla da» azaldu du Elorzak, eta zera gaineratu du: «Basoko eztiak, aldiz, txilarra, sasia, melaza eta gesala ditu, besteak beste».
Erle langileak dira Eugenio Elorza eta Ageda Zeberio, eta 40 urteko ibilbideak hainbat aitortza eman dizkie: hamaika lehiaketa irabazi dituzte. Eztia biltzea, baina, Elorzaren hitzetan, «soldata bankuan sartzearen parekoa» da: saria jasotzea. Garaikur hori lortzeko, ordea, urte osoan lan egin behar da.