Zuhaitz bat, opari onena haur jaioberriarentzat
Zumarragako Zuhaitz Egunean aurreko urtean jaiotako haurrek eta beraien senitartekoek parte hartzen dute. Zuhaitz bana landatzen dute. Aurtengo festa larunbatean egin dute, Antion.
Zumarragako Zuhaitz Egunean aurreko urtean jaiotako haurrek eta beraien familiek parte hartzen dute. Familia bakoitzak zuhaitz bat landatzen du eta haurraren izena jartzen diote. Haur bati egin dakiokeen opari onena da, zalantzarik gabe: zuhaitza haurrarekin batera haziko da, haurrak natura maitatzen ikasiko du, mendira joango da bere zuhaitza bisitatzera… Aurtengo Zuhaitz Eguna larunbatean egin zuten eta 33 zuhaitz landatu zituzten.
Urte asko dira Zuhaitz Eguna egiten hasi zirela Zumarragan. Garai batean, beste herri batzuetan egin ohi duten moduan, eskoletako haurrek egiten zituzten landaketak. Ainhoa Barbantxo udal teknikariak argitu zuenez, «gainbeheran zegoen ekimena zen». Ekimena biziberritzeko, Irunen garatutako ereduari jarraituz, haur jaio berriak dituzten familiei parte hartzea eskaini zieten.
Elgarresta-Araiztegi familia izan da aurten Antio inguruan egin den Zuhaitz Eguneko partaideetako bat. Xare txikiarekin batera, gurasoak, Peio anaia, aitona-amonak eta izeba egon ziren. Aitzurra eskuan hartu eta gogotsu aritu ziren lanean. «Ni jaio nintzenean ere gurasoek zuhaitz bat landatu zuten. Xare handia egiten denean gure zuhaitzak bisitatzera eta ureztatzera etorriko gara», esan zuen Peio anaiak.
Ekuadortik Zumarragara
Eduardo Vargasek eta Ana Mendozak Aroa txikiaren izenean landatu zuten zuhaitz bat. Vargas eta Mendoza Ekuadorren jaio ziren eta orain dela 11 urte etorri ziren Zumarragara bizitzera. Ekimena, «oso positiboa» iruditzen zaiela esan zuten. Izan ere, Zuhaitz Egunak txikiaren adin bereko haurren gurasoak ezagutzeko ere balio izan die. Haurrei opari polit bat egiteko eta natura zaintzearen garrantzia erakusteko ez ezik, zumarragarren arteko hartu-emanak estutzeko ere balio du beraz Zuhaitz Egunak.
Aroa, iazko otsailaren 19an jaio zen. Duela hilabete eskas ospatu zuten haren lehen urtebetetzea. Gertatzen ari zenaz gehiegi konturatzen ez bazen ere, gurasoek handiagoa denean Antiotik gertu landatutako arbolara eramango dutela esan zuten. «Hemen egongo dira bere sustraiak».
Guraso askok ezer gutxi dakite zuhaitzen munduaz, eta Ikerlora enpresako langileen laguntza izan zuten. Haritzak eta pagoak landatu zituzten. Izan ere, landaketak egin zituzten eremuan zuhaitz mota horiek zeuden lehenagotik ere. «Lursail honetan dauden zuhaitzak ez daude oso egoera onean. Hori dela eta, birpopulatu egin nahi dugu».
Landaketak egin ondoren, parte hartzaile guztiek mokadutxo bat egin zuten Antioko interpretazio zentroko tabernan. Hemendik aurrera sarritan itzuliko dira, bizitza osoan zehar ondoan izango duten lagun zintzo eta fidelari bisita egitera.