Barazkiak ez dira aurreratzen ari eguraldiagatik
Geroz eta landare eta lore aukera handiagoa dago Ordizian; tipulak aldatzeko ilbehera hau aprobetxatzea komeni da asteazkenero feriara etortzen diren landare zaleen arabera.
E gin duen negu goxoa eta bereziki otsail eguzkitsu eta epela eginik, espero zitekeenaren kontra bada, ilar edota patata berria ez da ohi baino lehenago azaldu. «Ia-ian daude»; gutxi batzuk jaso dituzteneko kontua entzun dugu, baina ez saltzera ateratzeko lain. Gaurko ilbeteak eta udaberri hasierak bat egiteak ea bultzada ematen dien.
Tipula salmenta landare postuetako bizigarri da momentu honetan. Baliarraingo Irabiazpiko Edurne Jauregiren mahaian oso tipula gorri buru ederrak ikusi eta hala adierazi digu: «Hain ederrak egitearen gakoa, hiru etapak ilbeheran egitean datza, erein, landatu eta jaso».
Oraintxe preziatuena udaberriko tipula da. Buru kozkorra epe laburrean egiten zaio, eta laster jatea onena, ez baitu garatu gabe luze irauten, hortik bere izena ere. Dauden moten artean Blanca de fuentes deritzan zuria «abendura artekoa» da, Montesek argitu digunez. Urtekoen artean, momentuz gorria. Beranduxeago hasiko da «maiatzekoa», urteko tipula horia. Denak 3 eta 3,5 euroan artean dira, ehuneko sortatan.
Bestalde oraindik goiz dela ahaztu gabe, lehen piper landareak ikusi ditugu Ibarrako Ilarramendiren postuan, italiarra eta Ibarrako piper mina, baita luzoker eta kuiatxo landareak ere.
Erleak eta erlezainak
«Erleak lanean, erlezainak haiekin». Halaxe adierazi zigun Jon Etxeberriak. Sasoi aldaketa datorkio udaberria hastearekin bat, «azoketara etortzeari utzi behar diot, batetik gehiena saldu dudalako eta orain buru-belarri erleekin hasi beharrean naizelako», haiek zaindu, altzak jarri eta abar. Azkenik gelditzen zaion eztia erromero eztia da, gogortu egiten da ezti hori «kristalizazio azkarrekoa da»; ugariena ere hau zuen. Bezeroen zaletasunari buruz galdetuta, «ezti likidoa nahiago izaten dute esnekiekin-eta nahastea errazagoa delako». Beste azalpen interesgarri bat ere jaso diogu: «Jakin behar da edozein ezti 90 gradutan berotuz gero, bigundu egiten dela eta gehiago ez dela gogortzen, pasteurizatua geratzen da. Baina horrekin batera propietateak galdu egiten ditu». Beraz, oraingoz feriak agurtu eta, ondo bidean, irailean berriz hasiko da ezti berriarekin etortzen.
Kanpoko onddoak salgai
Kanpotik ekarritako onddoak ageri ziren atzo Lasaren postuan, 25 bat kilo eta 25-35 euro artean kiloa. Udaberriko zizarik ezean gutxi batzuk bildu baina oraindik salgai jartzeko adineko kopururik ez da Ordiziako azoka honetan, beraz, onddoak aukeran.