‘Kulunkatu Ordizia’ bideoklipa aurkeztu dute 750. urteurrenaren oroigarri moduan
Urteurrenaren harira egindako denbora kapsulan sartutako objektuetako bat da bideoa. Jakintza ikastolako, Urdaneta ikastetxeko eta Alotza haurtzaindegiko haurrak agertzen dira
Ordiziako hiribilduaren 750. urterreneko programak emaria badu oraindik, nahiz eta urtemugaren urtea 2018a izan zen. Herriko txikienak dira oraingoan protagonistak. Kiliklon ekoiztetxearekin, Kulunkatu Ordizia bideoklipa sortu dute Alotza haurtzaindegiko, Urdaneta ikastetxeko eta Jakintza ikastolako ikasleek. Gaur aurkeztu dute ikus-entzunezkoa Joseba Aranburu zinegotziak eta Miru pailazoak, bideoklipean agertzen diren haurrekin batera. Bideoklipa dagoeneko zabaldu dute sare sozialen bidez.
Otsaila hasieran, denboraren kapsula gorde zuten udal liburutegian. Kapsula hartan hainbat gauza sartu zituzten herritarrek eta talde eragileek. Kapsula 50 urte barru irekitzea da asmoa, hiribilduaren 800. urteurrena betetzen denean. Sartu zituzten objektuen artean, bideo bat gorde zuten. Bideoan agertzen diren ikasle horiek izango dira 50 urte barru kapsula irekiko dutenak.
Aranbururen hitzetan «2018. urtea oso berezia» izan zen. Urteurrenaren baitan antolatutako ekintza gehienak «pertsona helduentzako» izan zirela eta, «umeak ere herriko parte direnez, eta gure etorkizuna haiek direlako, herriko leku esanguratsu batzuetara jo dugu, horiek eta protagonista txikiak jasoz». San Bartolome ermita edo azoka dira aukeratutako kokalekuetako batzuk.
Abesti propioa
Gainera, bideoklipari laguntzeko abesti bat ere sortu dute egitasmo berri honen harira. Abesti hori kantatzen eta dantzatzen agertzen dira herriko txikiak. «Zeresana emango du 50 urte barru berriz ikustean, dudarik gabe!», nabarmendu du Aranburuk.
Jakintzako eta Urdanetako Lehen Hezkuntzako lehen, bigarren eta hirugarren mailako 30 ikaslek eta haurtzaindegiko beste hainbatek parte hartu dute bideoklipean. Horiez gain, Miru pailazoak ere parte hartu du.
Aurkeztu berri duten lanari Kulunkatu Ordizia izena jarri diote. Aranburu zinegotziaren hitzetan ,«sehaskak kulunkatzen dira, goxotasunez eta goxotasun hori eta herriko hainbat ezaugarri agertzeko asmoarekin letrak ondorengoa dio: ‘Kulunkatu Ordizia, zapore eta gozoz, alaitasun osoz…’».