Udaberri, hasi edo segi
Bart 22:58an hasi da udaberria. Neguak jaio zen bezala agur egin du: eguzkitsu, lehor eta epel. Prezipitazioa 45 egunetan izan da, mardul 9tan bakarrik. Ordu aldaketa 2021era arte izango da
Astronomikoki, negua bukatu eta udaberria hasi zen, atzo. 22:58an gertatu zen udaberriko ekinozioa gauak eta egunak luzera berdina duten unea—, eta urtaro aldaketa. 92 egun eta 18 ordu iraungo du udaberriak, ekainaren 21a arte.
Egun-argia arratsero minutu bat gehiago luzatuko da, hemendik aurrera. Goizetan, berriz, minutu bat lehenago atera. Ortzimugaren gainean, beraz, ia hiru minutu irabaziko ditu eguzkiak.
Udaberrian ez da batere eklipserik izango. Ilbeteak, berriz, gaur, apirilaren 19an, maiatzaren 18an eta ekainaren 17an.
Klimatologikoki, udaberria aspaldi zela esan behar. Edo negua hanka-puntetan igaro dela. Abenduaren 21ean negua hasi zenez geroztik, egunen erdietan ateri izan da, eta 45 egunetan prezipitazioa. Horietatik 17tan, hala ere, bustitzeko lain bakarrik (metro koadroko litro bat baino gutxiago). Mardul (10 litrotik gora), 9 egunetan soilik bota du.
Egun euritsuena urtarrilaren 23a izan zen, 64 litro bilduta. Segidan, berriz, euri boladarik luzeena 18 egunekoa izan da, urtarrilaren 19tik otsailaren 5era.
Tenperaturari dagokionez, termometroak gorena otsailaren 27an harrapatu zuen: 27,8 gradu. Baxuena, berriz, urtarrilaren 5eko -3,8 gradu utzi du neguak.
Batez besteko tenperatura 10 gradutik gorakoa izan da neguko 24 egunetan. Zerotik beherako batez bestekorik ez da izan. Izotza 7 egunetan egin du, eta hotzaldi luzeena (3 gradutik beherako tenperaturak) abenduaren 29tik urtarrilaren 12ra. 15 egun horietan, termometroak ez ziren 10 gradutik pasatu.
Euskalmetek Ordizian duen estazio meteorologikoan hartutako datuak dira horiek. Aemet-en arabera, berriz, neguko tenperatura 5 gradu altuagoa izan da 1981-2010 epeko batez bestekoarekiko. Abenduan eta urtarrilean, bestetik, azken 40 urteko batez bestekoa baino prezipitazio gutxiago bota du; otsailean, nabarmen gehiago.
Udaberria, «onetik hobera»
Udaberriak eguraldi aldetik ere ekin dio udaren bila joateari. Euskalmeten arabera, lehenengo egunetan ez du euririk egingo, eta tenperatura igoko da.
Joxe Landa iragarleak atzo Segura Irratian eman zuen udaberri hasierako iragarpena: «Udaberriak onetik hobera egingo du. Pixkanaka epeltzen joango da, garbitzen ere bai. Hurrengo egunetan bikain portatuko da eguraldia. Aste hau, zeharo ona. Dezente luzerako etorri da eguraldi ona. Ez da sumatzen aldaketarik». Elur usainik ere ez du hartu Landak, oraingoz. Baina zozomikote egunak ere orain dira…
Martxokoa ez da izango azkeneko ordu aldaketa
Neguko ordutegitik udakora martxoaren 31n, igandea, aldatuko dira ordulariak (02:00etan, 03:00ak). Europako Batasunean azkeneko ordu aldaketa izatekoa zen, Europako Batzordeak proposatuta; baina Europako Parlamentuak 2021era arte atzeratu du legea.
Batasuneko 28 estatu kideek 2020eko apirilerako jakinarazi behar dute neguko ala udako ordutegiarekin geldituko diren. Udakoa aukeratzen badute, 2021eko martxoan egingo dute azken ordu aldaketa; negukoa aukeratzen badute, 2021eko urrian.