Goierri Eskolak 3D inpresiorako bi makina ekarri ditu AEBetatik
Goierri Eskolak Estatu Batuetan fabrikatutako eta berriki merkaturatutako bi makina berri ekarri ditu eskolara. Fabrikazio aditiboko prozesuetarako dira eta bietako bat behintzat, estraineko aldiz sartuko da Euskadin eta estatuan, orain arte erakustazoketan baino ez baita erakutsi. Horrela, Goierri Eskola 3D inpresioko azken makinen eta joeren erakusleiho bihurtuko da datozen hilabeteetan.
Goierri Eskolak, IK-4 Lortek eta Mondragon Unibertsitatearekin batera ematen duen Fabrikazio Aditibo Industrialaren masterra egiten ari diren ikasleek erabili eta probatuko dituzte makinak. Ikasle batek, gainera, bere master amaierako proiektua egiteko erabiliko du makina, bere ezaugarriak eta parametroak aztertuz. Goierri Eskolak makinak erakusgai izango ditu interesa duten pertsona edo enpresentzat, zentroan irauten duten denboraldian
Makina biak metalak 3D inpresioan lantzeko dira. Izan ere, teknologia hori iraultza gisa hartu da industriaren betiko erronkari erantzuten diolako, alegia, beste prozesu batzuetan egin ezin diren geometriak, kalitate eta prezio konpetitiboan fabrikatzeko aukera eskaintzen dute.
Goierri Eskolara ekarritako makinetako baten ezaugarri nagusia da bi prozesu bateratzen dituela: soldadura eta mekanizatua. Feriatik feriara darabilten bitartean, Goierri Eskolan geldialdia egingo du. Bigarren makinak, Metal X deritzanak, ADAM (Atomic Diffusion Additive Manufacturing) teknologia erabiltzen du eta oso pieza erresistenteak eta geometria konplexukoak inprimatzeko gai da.
Ate irekiak
Martxoaren 27an, Fabrikazio Aditiboaren masterrari buruzko informazioa eskainiko dute 18:00etan eta martxoaren 28 ate irekiak izango dituzte, 17:30ean.