Inazio Munduate zena omentzeko, bi historia-liburu atera ditu Ataunek
Ataungo artxibo historikoa arakatu zuen historiazalea omenduko dute, igandean. Gerrei eta lanbideei buruz liburu bana osatu dute, Munduatek erauzitako informazioz
Ohiko lana izan zuenetik jubilatu zenean hasi zen Inazio Munduate Arruabarrena buru-belarri artxibo historikoa ikertzen. Historiarekiko zeukan zaletasunari ezin konta ahala ordu eskaini zizkion harrezkero.
Ataungo artxibo historikoa, Gipuzkoako agiritegi historikoak eta Simancaskoa (Valladolid, Espainia) ere arakatu zituen, beti Ataungo edo Atauni buruzko informazioen eta gertakarien peskizan. 2017ko apirilaren 17an hil zen, 77 urterekin. Hark bildutako material eskerga bi liburutan argitaratu du Ataungo Udalak orain, eta igandean omenaldia egingo diote.
Lehengo eta oraingo Ataun izenburudunak dira bi liburuak. Batek XVI. mendetik XXI. mendera bitarteko lanbideak du eranskina, eta Ataungo ofizioez, negozioez eta jarduerez dihardu. Bestea, Gerren zipriztinak gehigarriarekin jantzia, gerren testigantzekin eta aipamenekin hornitutakoa da.
Munduatek bildutako ondarea liburuetan apailatzeaz bi historialari arduratu dira. Ioana Etxezarreta donostiarra hasi zen, baina beste lan bat aurkitu ostean utzi zuen Ataungoa. Alaitz Imaz Arrondo segurarrak jarraitu du, eta haren eskuek borobildu eta osatu dute lana.
«Inazio ez nuen ezagutu. Artxiboan ordu piloa sartuta zeuzkan, eta informazio asko aterata zeukan, Ataungo gauzei buruz. Gerrekin lotutako agiri asko zituen. Azken batean, artxiboetan arazoen inguruko gauzak gelditzen dira jasota, bai XVI. mendean, bai gaur egun», dio Imazek.
200na orrialdeko bi liburu
Udalak argitaratu dituen Lehengo eta oraingo Ataun liburu bikoitza atzo zen inprentatik iristekoa. 200na orrialde ditu ale bakoitzak. Imazek txukundu, forma eman, testua idatzi eta informazioa osatu du. Elkarrizketa gehiago ere egin ditu Ataunen. «Askotariko lanbideak jaso ditugu, eta gaur egungoak biltzeko, adineko ataundarrak elkarrizketatu ditugu, gaur egun negozioak dauzkatenak ere bai. Herri kaskoko guztien testigantzak jaso ditugu, Ataunen denborarekin zer aldaketa izan diren erakutsi nahi baita».
Gerren liburuan, Erdi Arotik daude aipamenak, Nafarroako erresumaren muga eta liskar leku baitzen Ataun. 1975era arte luzatu dute bilketa, gerra zikinaren lekukotasunak emateraino.
«Ataundarrentzat liburu interesgarriak izango direlakoan nago», dio Imaz historialariak.
Igandean omena
Inazio Munduate zenari omenaldia egiteko baliatuko dute bi liburuen aurkezpena, «herrirako lan handia egin zuelako». Igandean, 12:00etan, Herri Antzokian izango da ekitaldia.
Bideo bat jarriko dute. Han izango dira Munduateren familiartekoak, Imaz eta Etxezarreta historialariak, udal ordezkariak, Eate korua eta Otsoak taldeko dantzariak.
Bi liburuak udaletxean salduko dituzte
Ataungo historiari buruzko bi liburuak udaletxean erosi ahalko dira, astelehenetik aurrera, apirilaren 17ra arte. 5na euro balio du bakoitzak. Udal bulegoen ordutegian joan behar da: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara, eta astearteetan arratsaldez ere bai (17:00etatik 19:00etara). Udalaren webgunean ere jarriko dituzte liburuen bertsio digitalak.