«Lehiakorra baino, lasterkari mendizalea naizela esango nuke»
Kangas Mountain Maxi Traila irabazi du Aitziber Osinalde legazpiarrak Asturiasen. Denboraldiko bere lehenengo lasterketa izan da. Europako mendietako bazterrak ditu kutunenak lasterka ibiltzeko.
Denboraldia ezin hobeto hasi duzu.
Kangas Mountaineko Maxi Trailerako izena urte hasieran eman nuen eta, bai, lehenengo emakumea izan nintzen. Gustura aritu nintzen. Izan ere, Europako mendietako bazterrak eta hango lasterketak ditut kutunenak.
Aurten inoizko denboraldirik laburrena izango da niretzat. Hurrengo lasterketa ere han egingo dut, hain zuzen El Cainejoko traila; hori da nire lasterketa gustukoena.
Zergatik izango da aurtengoa laburrena?
Ohikoena izaten da uztailean egitea azken lasterketa. Aurten, aldiz, azkena maiatzean egingo dut [El Cainejokoa]. Udan geldialdia egiten dut eta aurten oporrak aurreratuko ditudanez, bi lasterketa egingo ditut. Litekeena da uda ondoren besteren bat egitea, baina ikuskizun dago zeren izen-ematea egiteko azti ibili behar baitzara tokiak ziztuan betetzen direlako.
Zergatik dituzu horren gustuko Europako mendiak korrikarako?
Mendizale sena dudalako.
Traveserakoa eta El Cainejokoa irabazi dituzu hainbatetan.
Biak dira oso gogorrak eta oso ederrak. Gozatzen ditut eta emaitza onak lortuz gero are gehiago.
Nola entrenatzen zara?
Ander Garmendia entrenatzaileak esaten duena egiten dut; asteburuetan korrikaldi luzeak eta astean zehar laburragoak. Aitortu beharra daukat entrenatzaileak aholkatu baino atseden gutxiago hartzen dudala. Areago, hori da gehien kostatzen zaidana. Eguraldi ona ikusten badut ezin naiz lurra zapaldu gabe geratu.
Niri mendian korrika egitea gustatzen zait mendia eta erresistentzia lantzea gustuko dudalako. Ni lasterkari lehiakorra baino lasterkari mendizalea naizela esango nuke.
Zenbat zapatila gastatzen dituzu urtean?
Bi pare. Ez da asko, astean zeharreko entrenamenduetan puskatu arte erabiltzen ditut.
Zer material behar da ultra bat egiteko?
Manta termikoa, beso- eta hanka-erdiak, euritakoa, txistua eta frontal bat edo bi.
Taldea duzu.
Bai, Kulum Sport, Aguraingoa (Araba). Beti haiekin aritzen naiz, Jokin Garairi esker ezagutu nituen. Ongi dago taldearen babesa izatea.
Korrika ari zaren bitartean jateko zenituen arazoek hobera egin al dute?
Bai, azkenaldian hobeto bukatzen ditut lasterketak. Barrita eta gel gutxiago jaten ditut eta elaborazio urriko elikagai gehiago, adibidez, arroz esnea.