Zumarraga, Legazpi eta Azpeitiko bandek alardea egingo dute bihar
Kontzertua 20:00etan izango da, Beloki pilotalekuan. Hiru bandek elkarrekin joko dituzte kanta guztiak. Zuzendari bakoitzak kontzertuaren zati bat zuzenduko du
Zumarragako musika bandak alardea egingo du bihar, Legazpiko eta Azpeitiko bandekin batera. Hiru taldeek elkarrekin joko dituzte kanta guztiak. Emanaldia 20:00etan izango da, Beloki pilotalekuan.
Zuzendari bakoitzak kontzertuaren zati bat zuzenduko du. Lehenengoa Jesus Castillejo legazpiarrak zuzenduko du. El Caserioren preludioa (Jesus Guridi) eta El Cumbanchero (Rafael Hernandez) joko dituzte.
Bigarren zatia Unai Frantsesena azpeitiarrak zuzenduko du. Gitaneria andaluza (Pablo Cambronero), Suite nordestina (Mestre Duda) eta African symphony (Van McCoy/N. Iway) joko dituzte. Hirugarren eta azken zatia Luis Orduñak zuzenduko du, Zumarragako bandako zuzendariak. Granada (Agustin Lara/K.Morita) eta Burbujas del sentido (Ferrer Ferran) joko dituzte.
Kontzertu berezia
Orduñak oso kontzertu berezia izango dela dio. «Formatua orain arte egin dugunaren ezberdina da. Alardeetan banda batek beste batzuk gonbidatzen ditu. Zumarragan asko egin dira. Duela bi urte Azpeitian egon ginen eta arrakasta gehien bandek elkarrekin jo genituen kantek izan zuten. Hori dela eta, Zumarragako alardean abesti guztiak elkarrekin joko ditugu».
Biharko kontzertua prestatzeko, hiru zuzendariek besteen bandekin entseatu behar izan dute. Bihar, bazkalostean, entsegu orokorra egingo dute Beloki pilotalekuan bertan.
Orduñak kontzertua ikusgarria izango dela dio. «Ikusleek 120 musikariz osatutako banda erraldoi batez gozatzeko aukera edukiko dute. Ikusgarria izango da. Ez gaude halako banda handiak ikustera ohituta. Valentzian bai. Han 100 kide baino gehiagoko bandak daude. Izan ere, hura banden lurraldea da. Gainera, hango herriak handiagoak dira. Hemengo bandak 40-50 kidekoak dira».
Bestalde, Zumarragako bandak lehenengoz joko du Beloki pilotalekuan. Eta denen gustuko kantak joko dituztela dio. «Zartzuela, musika latinoa, bandentzako musika… joko dugu». Emanaldi hau bandaren 150. urteurreneko programaren barne antolatu dute.