Ultrafesta Beasainen: Ehunmiletako boluntarioei eskerrik asko
Goizeko zazpietatik zintan korrika erronka egiten ari dira Deba, Urola Erdia, Urola Garaia eta Goierriko lasterkari taldeak
Goizeko zazpietan korrika egiten hasi dira, oraingoan zinta gainean, hamabost lagunek osatutako lau taldeak. Deba, Urola Erdia, Urola Garaia eta Goierriko lasterkariek eguerdiko ordu batean 70 bat kilometro beteta zituzten jada. Arratsaldeko zazpietan amaituko dute erronka 168 egin ondoren –Ehunmilak probak dituen beste– eta zortzietan sariak banatuko dituzte. Ehunmilak trailekoek antolatutako Ultrafestaren zati bat baino ez da, festak Beasainen giro aparta sortzen ari baita. Hain zuzen, uztailean Ehunmilak lasterketa antolatzen laguntzen duten boluntarioei eskainitako festa da gaurkoa, egun osoko ekitaldiak hartzen ari dena.
Eguerdia pasata iritsi dira Loinaz San Martin plazako helmugara. 8 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartu dute Aizkorri Mendizale elkarteko boluntarioen laguntzarekin. Plazan mokadutxoa eta opariak zain zituzten.
Mikel Valdibiesok eta Andoni Zubeldiak hitza hartu dute boluntarioei eskerrak emateko. Valdiviesok esan duenez, “eskerrik asko da gaurko hitza”. Beasaingo Udalari eta Euskolabeli laguntza eskertu die. Izan ere, Bideluze plazan Euskolabeleko arraina erretzeko prest zeuden eta plazapean ari ziren haragia erretzen. Bien bitartean, Juan Iturralde plazan puzgarriak zeuden haurrentzako.
Hau da arratsalderako prestatu duten egitaraua:
- 16:00. Haurrentzako antzerkia Usurbe antzokian.
- 16:00-17:00. Ehunmilak probako korrikalariekin solasaldia.
- 17:30. Ekaitz Erraldoi eta Buruhandi konpartsaren irteera.
- 18:30. Txokolate jana Loinazko San Martin plazan.
- 19:00. Ehunmilak erronkaren amaiera.
- 19:15. Pho-Bo taldearen kontzertua Gernika pasealekuko pilotalekuan.
- 20:00. Erronkaren sari banaketa ekitaldia.
- 20:15. Tximeleta taldearen kontzertua Gernika pasealekuko pilotalekuan.
- 19:00-22:00. Jan-edana Gernika pasealekuko pilotalekuan.