Urretxu, Arrosa Sarearen topagune
Euskal Herriko irrati libreen Arrosa Sareak topaketa egin du gaur Urretxu-Zumarragan, bertako KKinZona irratiak antolatuta. Bazkaria, kantu eta kuina lehiaketak era kontzertuak dituzte; igandean Anarik joko du gaztetxean.
Urretxu-Zumarragako KKinZona irrati libreko kideak anfitrioak dira gaurkoan Euskal Herriko Arrosa Sareko irratien topaketan. 10:00etan harrera egin diete Gaztelekuan eta ondoren, 11:00etatik 14:30era, solasaldia egin dute Gazteleku kanpoan. Parte hartu duten irratiak honakoak dira: Gasteizeko Hala Bedi, Bergarako Txapa, Ondarruko Radixu, Ultzama bailarako Esan Erran, Zarauzko Arraio, Markinako Eup eta Urretxu-Zumarragako KKinZona.
Topaketaren xedea irrati bakoitzaren jakintzak elkartrukatu eta elkarrengandik ikasteko aukera baliatzea izan da. Solasaldiaren ostean egitarauak gehiagorako emango du gaurkoan. Bazkaria Gaztetxean (14:45), Kuña lehiaketa eta Furor abesti lehiaketa zoroa (16:30), Poteo gidatua herriko txokoetatik (18:00), Chaval, Arrotzak eta Turtukiña DJ-en kontzertuak Gaztetxean (22:00). Bihar, Anarik joko du Gaztetxean 19:00etan KKinZona irratiak antolatuta; sarrera guztiak saldu dira.