Aritz Egeak Ordizia eta Txindoki arteko marka ontzeko saiakera egingo du uztailean
Iñaki Maiorak 1978an Ordizia eta Txindoki artean jarritako marka ontzen ahaleginduko da Aritz Egea urretxuarra, uztailaren 6an, Emaneurre Taldearen 10. urtemugako ekitaldien barruan.
Iñaki Maiora ormaiztegiarrak 1978an jarritako marka ontzen saiatuko da Aritz Egea urretxuarra. Emaneurre Taldeak jakinarazi duenez, uztailaren 6an egingo du ahalegina. Ordiziatik Larraitza txirrinduz igo, handik Txindokira joan-etorria korrika egin eta atzera Ordiziara txirrinduz bueltatu beharko du. 86 minutu eta 28 sengundoan dago marka.
Erronka horrek 66 urteko historia du, aurrenekoz Juan Jose Rezola itsasondoarrak egin baitzuen Ordiziatik Txindokirako joan-etorria, 1953ko azaroaren 6an. 102 minutu eta 30 segundu behar izan dituen. 25 urte geroago, 1978ko irailaren 24an, Iñaki Maiorak ondu zuen aurreneko marka hura, 86 minutu eta 28 segundotan jarrita. Probak oihartzun handia izan zuen garai hartan, eta milaka lagun bildu omen ziren Larraizko igoeran eta Txindokiko maldetan.
Ordiziako Emaneurre Taldeak 10 urte beteko ditu aurten, eta hori ospatzeko, ohiko ekitaldiez gain, marka ahalegin berri bat antolatu nahi izan du. Aritz Egea urretxuarrari egin zioten proposamena, eta honek onartu. Euskal Herriko Mendi Selekzioko kide izan da urte askoan urretxuarra, eta egun, Salomon talde entzutetsuan ari da, Munduko Txapelketako proba ezagun ugaritan lehiatzen.