Bakearen aldeko Kazetaritza Saria jasoko du Mikel Aiestaranek Gernikan
George Steer/Gernika bakearen aldeko Kazetaritza Saria aurrenekoz emango du Gernikako Udalak. Aiestaranek Ekialde Erdiko gatazken berri ematen egindako lana aitortu nahi diote. Steer-en liburuaren hitzaurrea idatzi du beasaindarrak.
Gernikako Udalak aurrenekoz emango duen ‘George Steer/Gernika bakearen aldeko Kazetaritza Saria jasoko du Mikel Aiestaran kazetari beasaindarrak. Bakea eta adiskidetzea bultzatzeko helburuarekin sortu dute sari hori, eta kazetari britaniarraren izena hartuko du. 1937ko apirilaren 26an Gernikak jasandako bonbardaketaren berri mundu zabalera hedatu zituen Steer-ek.
Hark egindako lanaren bide beretik, Ekialde Erdian izandako gatazken berri urte luzez eman izana eskertu nahi diote Aiestarani. Sari horrekin, “edozein naziotako informazioa lanbidetzat dutenen eta bakearen aldeko eta giza eskubideen aldeko kazetaritza egiten dutenen lana” aitortu nahi dute. Saria apirilaren 27an emango diote, Gernikako bonbardaketaren urtemugako ekitaldien barruan.
Gernikako Udalak sari gehiago ere emango ditu; Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko Saria Christos Stylianides politikari zipretarrak, eta Paul Preston, Angel Viñas eta Xabier Irujo historialariei emango diete.
George Steer-en liburua, euskaraz
Gaur bertan ere Gernikan izan da Mikel Aiestaran, George Steer kazetariaren liburua aurkezteko aitzakian. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak The tree of Guernica. A fiel study of modern war George Steerren lanaren euskarazko bertsioa aurkeztu du bertan, Gernikako arbola. Gerra modernoaren landa-azterketa bat izenburupean. Koro Navarrok euskaratu du, eta Mikel Aiestaran eta Nicholas Rankin kazetariek, hitzaurre bana idatzi dute.
George Steer (1909-1944) The Times eta The New York Times egunkarietako berriemaile izan zen 36ko Gerran, eta haren lana “funtsezkoa” izan zen Hego Euskal Herrian izandako hainbat gertakari ezagutarazteko, tartean, Gernikako bonbardaketa. 2006an Gernikako Udalaren omenaldia jaso zuen Steer-ek.