Deskargako autobidea prest, bost urteko lanen ondoren
Beasain eta Bergara lotuko dituen A-636 autobidea bukatutzat eman du Foru Aldundiak. Bihar zabalduko dute azken zatia, Antzuola eta Bergara artekoa, bost urte iraun duten lanen ondoren.
Bihar zabalduko dute Deskargako autobidearen 5 kilometroko azken zatia, eta horrenbestez, bukatuta geldituko da Beasain-Bergara arteko korridorea. A-636 izena hartuko du errepide horrek; denera 23 kilometro ditu, eta bultzatu duten erakundeen arabera, 11 minutura murriztuko da bi herrien arteko bidaia. Azpiegitura berria egunean 9.000 ibilgailuk baino gehiagok erabiliko dute, Aldundiaren arabera.
Beasain-Bergara zatia ez ezik, Gipuzkoako Biribilgunea delakoa ere bukatutzat eman dute horrela. Foru Aldundiak azaldu duenez, 234,7 kilometro ditu azpiegitura horrek, eta lurraldeko herri guztiek izango dute autobidea 15 kilometro baino gutxiagoko distantziara.
KRONOLOGIA:
A-636 errepidea (lehen Gi-632 zena) egiteko lanetan mugarri izan diren datak:
- 1995ean hasi zituzten Beasain-Ormaiztegi (5,4) zatia eraikitzeko lanak
- 1998an zabaldu zuten Beasain-Ormaiztegi zatia.
- 1998an, bigarren zatiko lanak hasten ez zirela ikusita, Goierriko 18 alkatek agerraldia egin zuten, Eusko Jaurlaritzari Errepideen Plan Orokorrean zehaztutako epeak bete zitzala eskatzeko.
- 2002ko ekainean, lau urteko etenaren ondoren, hasi zituzten Ormaiztegi-Zumarraga zatiko (5,5 km) lanak
- 2005eko maiatzean inauguratu zuten Ormaiztegi-Zumarraga zatia.
- 2007an lanak hasi zituzten Urretxu-Zumarraga-Legazpi (2,1 km) zatian.
- 2011ko ekainean hasi zituzten Urretxu eta Antzuola (2,7 km) arteko lanak.
- 2012ko ekainaren 1ean zabaldu zuten Urretxu-Zumarraga-Legazpi zatia herritarrentzat
- 2013ko abenduan bat egin zuten Urretxu eta Antzuola aldetik egiten ari ziren Deskargako tunelaren zulaketek.
- 2015eko martxoan zabaldu zuten Urretxu-Antzuola zatia.
- 2017ko otsailean hasi zituzten Antzuola-Bergara zatiko (5 km) lanak.
- 2019ko martxoaren 28an zabaldu dute Antzuola-Bergara zatia.