Bi hauteskunde prozesuk elkarri itzal egingo diote asteartetik, bi hilabeterako
Udal eta foru hauteskundeen deialdia apirilaren 2an aterako da. Espainiako Gorteetarako bozen prozesuak, praktikan hilabete aurreratu du egoera. Bost bozketa egingo dira 28 egunen barruan
Lehenago ere ezohikoa baldin bazen hauteskunde igande berean udal, foru eta europar hauteskundeek bat egitea —bost urtean behin egokitzen dira—, egoera gehiago konplexutu du Espainiako Gorteetarako bozketa bikoitza hilabete lehenago ipintzeak. Estatuko bozen oihartzuna Goierrin apalagoa izaten den arren, erakundeen eta alderdien jardunean jada eragin du.
Martxoaren 5etik aurrekanpaina hasita dago ofizialki (hauteskundeen deia egin zenetik), eta udal nahiz foru hitzorduei begira hotzarazi ditu erakunde publikoen asmoak. Atzo, esate baterako, Deskargako autobidean ezin izan zen inaugurazio ekitaldirik egin, Espainiako hauteskundeen garaian egoteagatik.
Hauteskunde Batzordeak behin birritan gogorarazi behar izan die erakundeei debeku hori. «Botere publikoek» ezingo dute inolako kanpaina instituzionalik egin, ez inauguraziorik, ez boto ematera animatzeko deirik, hauteskunde prozesuen garaian. Deialdia aldizkari ofizialetan argitaratzen denetik bozketak egiten diren egunera arte hartzen da hauteskunde garaia.
Denak urte berean
Europako Parlamenturako hauteskundeak izan ezik, apiril-maiatz hauetan bozkatuko diren beste lau erakundeetakoak 2023an errepikatuko dira, aurrerapenik izan ezean. Horrez gain, Eusko Legebiltzarrerako bozak udazkenera aurreratzeko aukeraren hotsak zabaldu dituzte zenbait alderdik. Hala balitz, urte berean geratuko lirateke, bai aurten, bai hurrengoetan.
HAUTESKUNDEEN EGUTEGIAEspainiako Gorteetarako hauteskundeak· Martxoak 5. Deialdia.· Martxoak 5-apirilak 11. Hauteskunde aurrekanpaina.· Martxoak 20-25. Hautagaitzen aurkezpena.· Gaur. Hautagaitzak argitaratu.· Apirilak 2. Hautagaitzen aldarrikapena.· Apirilak 12-26. Kanpaina.· Apirilak 28. Hauteskundeak (Kongresua eta Senatua).· Maiatzak 1-4. Boto zenbaketa.· Maiatzak 13. Hautetsien aldarrikapena.· Maiatzak 21. Gorteak eratzea.
Udaletarako, Batzar Nagusietarako eta Europako Parlamenturako hauteskundeak· Apirilak 2. Deialdia.· Apirilak 2-maitzak 9. Hauteskunde aurrekanpaina.· Apirilak 2-22. Hautesle elkarteentzat sinadura bilketa.· Apirilak 2-16. Postaz botoa emateko eskaria aurkeztea.· Apirilak 17-22. Hautagai zerrendak aurkezteko epea.· Apirilak 29. Hautagaitza zerrendak aldarrikatzea.· Maiatzak 6-22. Botoa postaz bidaltzeko epea.· Maiatzak 10-24. Kanpaina.· Maiatzak 26. Hauteskundeak (udal, foru eta europarrak).· Maiatzak 29. Boto zenbaketa.· Ekainak 15. Udalak eratzea.· Ekaineko bigarren hamabostaldia. Batzar Nagusiak eratzea.· Uztailak 2. Europako Parlamentua eratzea.