Elkartasunaren Azatxoa
Bigarren Azatxo Topaketa antolatu du Ordiziako saskibaloi elkarteak, apirilaren 7rako .Garuneko tumorea kendu eta errehabilitazioan dagoen Eneritz Martini laguntzeko egingo dute
Ordiziako saskibaloi elkarteak lehenengo Azatxo Topaketa egin zuen iaz eta ekimenak izan zuen arrakastaren ondoren, aurten bigarren topaketa antolatu dute. Datorren apirilaren 7an egingo dute, baita parte hartze handia espero ere. Gainera, aurrekoan bezala, elkartasun keinu bat egitea da taldearen asmoa.
Kirolak eta elkartasunak bat egingo dute beste behin ere. Izan ere, Ordiziako saskibaloi elkarteak ekintza berezia antolatu du apirilaren 7rako. Azatxo Topaketa egingo dute bigarren urtez jarraian. Iaz, 450 haurren parte hartzea izan zuten, Aspanogiren alde egindako saskibaloi festan. Aurten ere, behar handia duen familia bati laguntzeko baliatuko dute ekimena. «Taldeko jokalari ohia den Eneritz Martin eta bere familiaren alde» egin nahi dute, klubak argitu duenez. «Garuneko tumore bat kendu ondoren errehabilitazio prozesu garesti eta luzean murgilduta dago Eneritz», horregatik, Ordiziako saskibaloi elkarteak aletxo bat jarri nahi du, ahal bezain pronto senda dadin.
«450 jokalari baietz»
Gipuzkoako hainbat saskibaloi talderi gonbidapena luzatu diete. 2007 eta 2010 urte bitartean jaiotako haurrek parte hartu ahalko dute topaketan. Aurten ere 450 haur biltzea espero dute. Jakintza ikastolan, Majori kiroldegian eta Urdaneta euskal eskola publikoan dauden kantxetan jokatuko dituzte partidak.
Aurten parte hartuko duten taldeak BKL (Beasaian), Goierri K.E. (Urretxu), TAKE Saskibaloia (Tolosa), Iraurgi SB (Azpeitia), ZAST (Zarautz) eta Ordizia K.E. taldeak izango dira. Egun osoko jardunaldia izango da. Partaide guztiek Beti Alai pilotalekuan bazkalduko dute.