Gazte, kanta ezazu zure herria
Lazkaoko V. Euskal Kantu Txapelketa 3 Sounds hirukoteak irabazi du, Ken Zazpiren abesti batekin. Zortzi taldek parte hartu dute, musika eskolaren kultura astean
Abesteko zaletasuna haurrengan eta gaztetxoengan pizteko helburuarekin, herenegun arratsaldean egin zuen Lazkao Txiki Musika Eskolak herriko V. Euskal Kantu Txapelketa, Arerian. Antzokia erdi pareraino bete da entzulez, eta 30 bat haurrek eskainitako interpretazioa gozatu zuten. Musika eskolaren kultur asteko egitaraua irekitzeko ere balio izan du lehiaketak, lehenengo eguna baitzuen astelehena —igandera arte da—.
Bakarka, binaka edo kide gehiagoko taldean parte har zitekeen. Baldintza bakarrak euskarazko abestiak plazaratzea eta sorkuntzari bide ematea ziren, ahotsa jartzerako eta musika-tresnak jotzerako garaian.
Zortzi talde animatu dira aurten. Bederatzi zeuden izena emanda, baina bakarlari batek azken unean ez du joaterik izan.
Hiru neskato garaile
Banan-banan agertokian piezak jo eta abestu ondoren, epaileek ebatzi dituzte V. Euskal Kantu Txapelketaren bi sariak nortzuei eman. Lehenengo postua 3 Sounds taldeak lortu du: Ane Azkarate, Joane Larrea eta Haizea Salaberria. Ken Zazpiren Haizea abestu zuten bi ahotsetara eta hirugarren kideak pianoan jota.
Bigarren 6+1 taldeak egin du, Huntzaren Lasai-lasai abestiarekin: Elene Zubeldia, Oneka Rodriguez, Ane Garmendia, Nora Fidalgo, Leire Balda, Sadia Gadouche eta Naiara Delgado. Gerriko liburu-dendan gastatzeko bonuak lortu dituzte.
Kultur asteak gaur jarraituko du. Jubilatuek dantzaldia dute, Orobione aurrean, 11:00etan. Piztien lurraldea antzerki musikatua (Areria, 14:30) eta Izaro Andres eta Iker Lauroba musikarien solasaldia (kultur etxea, 19:00) dira beste osagaiak.