Itsasoko udaletxeko areto balioanitza eta teilatua konponduko dituzte
Itsasoko Udalaren 2019ko aurrekontua 448. 875 eurokoa da. Udaletxeko eta ostatuko teilatua berrituko dute aretoarekin batera, eta herri bideak berreskuratzen ere hasiko dira
Itsasoko Udalak 448.873 euroko diru sarrerak aurreikusi ditu aurtengo jardunerako, eta gastuak ere horrenbestekoak izango dira. Udalak aurten egingo dituen gasturik nabarmenenak udaletxeko areto balioanitzeko espazioaren konponketa, eta udaletxea zein ostatua hartzen duen eraikinaren teilatua berritzea izango dira. Obra osoak 153.000 euroko aurrekontua dauka.
Honezkero martxan daude udaletxeko eraikinean egiten ari diren lanak, iazko Leader programak lagunduta. Udaletxearen sarreran, esate baterako, egin duten arrapala amaitzen ari dira.
Udalak, aitzitik, beste diru sarrera batzuk ere spero ditu, hain justu aurtengo Leader programaren bidez iritsiko direnak eta Landaola deialditik jasoko dituztenak, besteak beste. Sarrerak bezala, gastu berriak ere aurreikusi dituzte, hala nola, jarri duten auzo konpostaguneak arduraduna izango du (3.800 euro) eta udaletxean lanean ari den administrariaren lanorduak lau ordu eta ordu laurden gehiago izango dira (4.000 euro).
Herri bideak
Azpimarra daitekeen beste proiektu bat herri bideen berritze lana da (30.000 euro). Lehengo herri bide historikoak edo ordezkoak erabilgarri egin nahi dituzte itsaoarrek. Helburuak hauek dira: herri loturak eta irteera alternatiboak ugaritzea, lehendik dituztenei eustea eta itsasoar guztiek euren etxerako sarbide erosoa izan dezatela. Ezarri dituzte dagoeneko konpontzeko lehentasuna duten herri bideak zeintzuk diren: Goiti-Kamio (Madura Itsasorekin lotzea), Itsaso-Mandubia (Altzigarragako luizia), Miraballes-Iturrita bidea hobetzea, San Lorentzoko luizia eta Ibur-berrirako zati publikoa egitea.
Beste proiektu esanguratsu bat ere jaso dute, hain zuzen Alegia auzoaren bulebarizazioa. Eskatzeko dago Leader proiektuaren aurtengo diru laguntza, eta haren bitartez bulebarizazioaren proiektua egiteko asmoa agertu dute.
Landaolak, bestetik, nekazari inguruneko proiektuak diruz laguntzen ditu, eta aurtengo deialdia Alegiako auzo konpostagunea finantzatzeko eta birrintzailea eskuratzeko egin da; helburua konpostaren kalitatea hobetzea da, hala Alegian eta Itsason nola udalerriko edozein etxebizitzatan ere bai. Baserrietako fruta arbolen adarrak txikitzeko erabiliko dute baita ere. Dagoeneko aztertzen hasi dira aurtengo Landaolaren eskaeran jasoko dituzten beharrak eta proiektuak: Kizkitzako pagadia zaharberritzea eta igoerako bidea hobetzea, udalak lursail publikoak eskuratzeko urratsak ematea eta herriko produktuak balioesteko eta sustatzeko bideak urratzeko lantalde bat martxan jartzea.
Parte hartze prozesua
Itsaso 2030 proiektua lantzen ari dira eta hori ere sartu dute aurrekontuetan. Diru laguntza bat eskatu dute Itsasoren etorkizuna elkarlanean landu ahal izateko: zer daukaten, zer nahi duten, zer ahal duten eta nola gauzatu ahal duten nahi duten hori. Parte hartze dinamikak egiteko asmoa daukatela jaso eta zabaldu zuten azken herri batzarrean.