Izagirre anaiak eta Bravo Itzulian ariko dira, Aranburu zalantzan
Zumarragan hasi eta bukatuko den erlojupeko probak zabalduko du Euskal Herriko Itzulia, apirilaren 8an. Izagirretarrez gain, Landa, Alaphilippe, Thomas, Yates eta Mollema ere han izango dira.
Euskal Herriko Itzuliak gaur jakinarazi ditu parte hartuko duten taldeen eta txirrindularien izenak. Han izango dira Gorka eta Ion Izagirre anaiak (Astana) eta Garikoitz Bravo lazkaotarra (Euskadi BC-Murias); Alex Aranburu ezkiotarra (Caja Rural) ere zerrendan dago, baina zalantza da oraindik. Goierritarrez gain, txirrindularitza munduko izen handi ugari bilduko dira astelehenean Zumarragan. Horien artean daude Mikel Landa (Movistar), Jakob Fuglsang (Astana), Julian Alaphilippe (Deceuninck-Quick Step), Geraint Thomas (Team Sky), Adam Yates (Michelton Scott) edota Bauke Mollema (Dimension Data), besteak beste.
Caja Rural taldearen zazpikoan ageri da Alex Aranburu ezkiotarra ere. Lesio bat tarteko ordea, ez dago garbi Zumarragan atera ahal izango duen. Errehabilitazio luze baten ondoren, Coppi e Bartali proban itzuli da errepidera, eta hor ikusiko da zer nolako sentsazioak dituen. Hala ere, Gipuzkoako egunkari bati egindako adierazpenetan, zalantza agertu du bere parte-hartzearen inguruan. “Pena litzateke, Itzulia Zumarragan, etxe ondoan hasten delako, baina hauxe da egoera”.
Euskal Herriko Itzulia apirilaren 8an hasiko da, Zumarragan hasi eta bukatuko den 11,3 kilometroko erlojupeko probarekin. Biharamunean, Zumarragatik abiatuko dira txirrindulariak, Gorraizera bidean. Ostiraleko etapa Arrateko gainean bukatu eta gero, Eibarren egingo duten 118 kilometroko etaparekin bukatuko da Itzulia, larunbatean.