Urtatzako Pumptrack pista asfaltoa duen Gipuzkoako bakarra da
Pumptrack pistan bizikleta, skate edo irristatzen den edozein gailurekin ibili daiteke, oztopoak gaindituz. Aurrekontu parte hartzaileen prozesutik sortutako proiektua da.
Urtatzako pista egin aurretik legazpiar askok ez zuten jakingo pumptrack pista bat zer den. Gaur-gaurkoz gehiagok jakingo dute seguruenik. Halako pista batean bizikleta, skate edo irristatzen den edozein gailurekin ibil daiteke. Bihurguneak, maldak eta trabak daude pistan eta gidariak halakoak gainditu beharko ditu. Legazpin eraiki dutena Gipuzkoako bakarra da asfaltozko geruza duena, eta horrek bisitari ugari erakartzen ditu udalerriko goiko aldera.
2017ko aurrekontu parte hartzaileetan legazpiarrek eskatutako azpiegitura da. Egun martxan da jada, eta bertako erabiltzaile gehienek 10 eta 18 urte bitartekoak direla esan du Iñigo Imaz kirol saileko zinegotziak. Sarreran, pista erabiltzeko arauak jasotzen dituen kartela jarri dutela dio, «handiagoan jartzekoak gara non, esate baterako, kaskoa behar dela adieraziko dugun».
Ikastaroa pistan
Imazek pista egin duen enpresari erreferentzia egin dio, «Zuin Bike Parks enpresako kideek euren zaletasuna bizimodu bihurtu dute ,eta Urtatzan egin duten pista ikusgarriaren berri sare sozialen bitartez zabaldu dute. Nik uste dut horrek lagundu duela jendea erakartzen». Enpresakoekin ikastaro bat antolatzeko asmoa dutela gehitu du.
Asko jota bi aste barru irekiko dute igerileku txikia
Bikuña kiroldegiko igerileku txikiaren irekiera atzeratu da. Iñigo Imaz kirol zinegotziak adierazi duenez, «nahi baino azkarrago berotzen ziren gunea zein ura, eta energia gastua handiegia zen». Orain mantsoago berotzen ari dira hala espazioa nola igerilekuko ura.
Behin ura eta espazioa berotuta, beroak ez duela ihes egiten ikusteko termografia proba egingo dute. «Espero dugu datozen asteetan ireki ahal izatea, datorrenean ez bada, hurrengoan. Lehenbailehen zabaldu nahi dugu», erantsi du zinegotziak.
Imazen udal sailak esku artean dituen proiektuen artean gauzatuko dituzten hurrengoek oraindik hasiera datarik ez dute; aurrekontu parte hartzaileetatik eratorritako proiektuak dira. Kiroldegiko aldagelak berrituko dituzte eta bigarren soinketa gelan aire egokitua jarriko dute. Bi lan horiek legazpiarrek eskatutakoak dira.
Beste proiektu bat ere aipatu du Imazek, hain justu banakako aldagela batzuk berritu dituzte jada kiroldegian, eta aurten beste bizpahiru berritzeko asmoa daukatela aurreratu du Iñigo Imazek.