Antio, txirrindularitzaren santutegi
Euskal Herriko Itzulia Zumarragan hasiko da apirilaren 8an. Hirugarrengoz, txirrindulariak Antiora igoko dira. Lasterketa atzo goizean aurkeztu zuten, bertako interpretazio zentroan.
Asko dira txirrindularitzarekin lotura estua duten eliza eta ermitak: Arrate, Urkiola, Dorleta, Italiako Madonna del Ghisallo… Antio zerrenda horretan sartzeko bidean da. Apirilaren 8an Euskal Herriko Itzulia hirugarrengoz pasako da bertatik eta atzo bertan aurkeztu zen lasterketa. Tourraren aurkezpena zirudien: aparkalekuak eta interpretazio zentroa txiki gelditu ziren. Txirrindularitza munduko aurpegi ezagun asko elkartu ziren: Txomin Perurena, Haimar Zubeldia, Jon Odriozola, Leire Olaberria…
Ekitaldian ibilbidea aurkeztu zuten eta parte hartzaileetako batzuk aipatu zituzten. Iazko irabazleak, Primoz Roglic eslovakiarrak, ez du parte hartuko. Geraint Thomas Tourreko irabazlea, berriz, Zumarragan egongo dela uste dute. Taldeen aurkezpena igande arratsaldean izango da (apirilaren 7an): 17:30ean Zumarragako plazan.
Horretaz gain, Banco Sabadellek datorren urtean ere babesle nagusia izango dela iragarri zuen. El Diario Vasco egunkariak beharbada maillot urdina babesteari utziko dio.
Gidari lanak Iñigo Asensio Itzuliko esatari ofizialak egin zituen. Goierrin zaletasun handia dagoela esan zuen eta Mikel Serrano Zumarragako alkateari hitza eman zion. Antolatzaileei eskerrak eman zizkien Zumarraga aintzat hartzeagatik eta lasterketaren irteera izatea «ohorea» dela esan zuen. «Gure etxeko ateak ireki dizkizuegu eta etxean bezala sentitzea nahi dugu. Itzulia Zumarragara etorri den guztietan gaurkoa bezalako eguraldi bikaina eduki dugu eta aurten ere Antioko Amatxok laguntzea espero dugu».
Julian Eraso Itzuliaren antolatzaileak Zumarragako herriari eskerrak eman zizkion halako toki «ikusgarri» batera gonbidatzeagatik. Etapen ezaugarriak aipatu zituen. Zumarragako etapari dagokionez, aspaldiko partez Itzulia erlojupeko batekin hasiko dela gogoratu zuen. «Erlojupekoak denetik dauka. Igoeran denbora onena egiten duenak, mendiko maillota jantziko du», aurreratu zuen.
Bigarren etapatik (Zumarraga-Gorraitz), lurrezko pistetan kilometro batzuk egingo dituztela azpimarratu zuen. Hirugarrena etapa (Sarriguren-Estibalitz) luzeena izango da eta esprintean amaitu daiteke. Laugarrenean Gasteizetik Arrigorriagara joango dira eta helmuga baino apur bat lehenago aldapa gogor bat izango dute. Bosgarrena Arraten amaituko da eta seigarrena Eibarren. Armaginen herria omendu nahi dute, azken lau urteetan Itzulia bertan amaitu delako.
Parte hartzaileak
Parte hartzeari dagokionez, luxuzkoa izango da: Trek, Mollemarekin etorriko da; Jumbo-Visma Tony Martin eta George Bennett-ekin; Sunweb, Nicholas Roche-rekin; Education First, Michael Woods-ekin; UAE, Dan Martin, Sergio Luis Henao eta Rui Costarekin; Mitchelton-Scott, Mikel Nieve eta Michael Albasinirekin; Sky, Michal Kwiatkowski eta Geraint Thomas-ekin; Deceunink-Quick Step, Julien Alaphilippe-rekin, Astana, Ion eta Gorka Izagirre, Pello Bilbao, Omar Fraile eta Luis Leon Sanchezekin; Movistar, Mikel Landa eta Nairo Quintanarekin…
Euskadi Basque Country-Murias taldeak UCI World Teams taldeei aurre egiten saiatuko da. Alentejoko itzulian hiru etapa irabazi dituen Enrique Sanz nafarrak Asensioren galderak erantzun zituen. «Hemen egotea plazerra da. Entrenamendu saioa aldatu behar izan dut hona etortzeko, baina horrek ez du garrantzirik. Itzulian lan ona egin dezakegula esaten ari dira eta hori harro egoteko modukoa da. Ondo lan egiten ari gara eta gehiago nahi dugu. Umiltasunez, World Tour-eko taldeei aurre egiten saiatuko gara».
Yolanda Mosquera kartelaren egileak ere hitz egin zuen. «Tropela irudikatzeko suge bat erabili nahi nuen, baina bertako suge bat. Hori dela eta, Sugar erabili dut: euskal mitologiako herensugea. Kartela zaleen gustukoa izatea espero dut».
Itziar Mahave Banco Sabadelleko sare komertzialeko zuzendariak datorren urtean ere Itzulia babestuko dutela iragarri zuen. Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, berriz, Itzuliak Euskal Herria ezagutzera ematen laguntzen duela esan zuen, eta euskal txirrindulari batek irabaztea opa zuen.
Aurkezpenarekin bukatzeko, Denis Itxaso Kirol diputatuak barrualdeko turismoa bultzatu nahi dutela eta etapa guztiak barrualdean amaitzea pozgarria dela esan zuen. Azkenik, Antioko baselizaren aurrean argazkia atera zuten.