Bigarren eskuko bizikleta azoka egingo dute
Apirilaren 4an, ostegunarekin, bigarren eskuko bizikleta azoka egingo dute berriro Legazpin 10:00etatik 20:00etara. Aurreko irailean ere egin zuten, Mugikortasun Astearen barruan. Azokak aukera ezberdinak eskaintzen dizkiete bizikletak saldu zein erosi nahi duten herritarrei.
Ez dira soilik bizikletak salduko nahiz erosiko. Bizikleten osagarriak ere eskainiko dira, hala nola haurrak eramateko aulkiak, gurdiak, saskiak eta abar. Bigarren eskuko azokan patineteak salerosteko parada ere izango da oraingoan.
Bizikleta salgai jarri nahi duenak apirilaren 2ra arte asteartea da 943 72 45 04 telefonora deitu beharko du 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 20:00etara. Bizikleta saltzeko asmoa agertu beharko du.
Beste aukera azokaren egunean bertan 10:00etatik aurrera bizikleta Euskal Herria plazara eramatea da. Aurreko azoketan bezala, bizikletaren zein osagaien egoera aztertuko dute adituek. Azterketa doan egingo dute eta saltzailearen zein adituen artean adostuko dituzte salmenta prezioak.
Azokak mugikortasun jasangarria sustatzeko asmoa dauka bizikletaren erabilera bultzatuz. Areago, bizikleten berrerabilpena ere bultzatzen du bigarren eskuko merkatua mugimenduan jartzen duen heinean.