Legorreta, Goierriko Jamaika txikia
Bosgarren Legoreggae jaialdia antolatu dute Legorretan larunbaterako. Kabaka Pyramid & The Bebble Rockers izango da kartelburua. 1.050 sarrera jarri dituzte salgai eta agortzear daude.
Udaberri giroarekin batera, reggae doinuek hartuko dute Legorreta larunbatean, Goierriko Jamaika txikia bihurtuz. Beste behin ere, lehen mailako Legoreggae jaialdia da prestatu dutena eta antolakuntzakoak eta reggaeren zaletuak egun handia iristeko amorratzen daude.
Aurtengoa ere, goi-goitik dator. Antolakuntzako Iñigo Etxeberriak nabarmendu duenez, «aurtengoa, bosgarrena izango dena, benetako reggae jaialdia izango da». Aurreko urteetan, reggae musikatik gertu dauden hainbat taldek jo dute, baina aurtengoan, bosgarrenaren aitzakiarekin, benetako reggae doinuak nagusituko dira.
Horretaz konturatzeko, jaialdiaren kartelari begiratu azkar bat ematearekin nahiko da. Kabaka Pyramid & The Bebble Rockers izango da kartelburua. Europan zehar biran dago talde jamaikarra, eta Legorretan ere egingo du geldialdia. Kingston bertatik datorren nazioarte mailako musikariak dira, eta diskografia amagaigabea dute. Datu bitxi bat ematearren, reggaeren beste izen handi baten seme Damian Marley Bob Marleyren semea Kabaka Pyramid-en Kontraband izeneko azken diskoaren produktorea da.
Dena den, jamaikarraren aurretik entzun ahalko diren taldeek ere zapore ona utziko dute. Talde euskaldun batek irekiko du jaialdia. Bakiotik eta Mungiatik datoz BassHerri Sound System eta Legorretako kaleak girotuko dituzte arratsaldez. 2017. urtean sortutako Euskal Sound System Lagun Elkartea da, eta iazko Legoreggaeko talde gonbidatuetako bat izan zen.
Harripila kiroldegiko kontzertuei 22:00etan ekingo diete. The Ladjs Barañaingo bikoteak joko du bertan. Erritmo elektropikalak dituzte oinarritzat haien abestiek.
Gainera, bertan egongo dira baita ere Suaia eta Ama Rebel. Bizkaian dute egoitza nagusia eta 2016an sortu zuten taldea. Euskal eszenan ezagunak diren beste talde batzuetako musikariek osatzen dute proiektua: Kodigo Norte, Esne Beltza, Potato, Lone Ark, Early Reflections, Gobeo Bay, Aiaraldeko Soinu Sistema edo The Cherry Boppers, besteak beste. Talde hau ez da estilo bakar batera mugatzen. reggaea, dancehall-a edo rub-a dub-a lantzen dituzte.
“Bosgarrena da aurtengoa, eta
benetako reggae jaialdia izango da”“1.050 sarrerara igo dugu aforoa eta,
hala ere, sarrerak agortzear daude”Iñigo Etxeberria (Antolakuntza)
Hermano L izango da Legorretan oholtza gainera igoko den beste bat. Mallorkatik dator eta reggaeaz gain, Hip Hop-a eta Dancehall-a ere egiten ditu. Azkenik, Alemanian bizi den keniar batek itxiko du kartela. Treesha du izena eta 2015ean ekin zion bakarkako bideari talde handienatan korista aritu ondoren
1.050 sarrera salgai
Legoreggae jaialdiaren bosgarren edizio bete-betea iristear dago. Etzi izango da, larunbatarekin batera eta joateko asmoa dutenek oraindik sarrerarik erosi ez badute, mugitzen hasi beharko dute, beste behin ere, agortzear baitaude. Gaurtik aurrera, internet bidez erosi ahalko dira.
Jaialdiaren lehenengo edizioa Legorretako plazan jarri zuten karpa batean egin zuten. «450 bat pertsona sartu ziren». Lehenaren ondoren, Harripila kiroldegira pasa zuten jaialdia, «segurtasuna bermatzeko modua ere bazen». Nahiz eta jende gehiago sartu, han ere urtero sarrera guztiak saldu dituzte.
Aurten, pauso bat gehiago eman dute. «1.050 sarrerara igo dugu aforoa eta, hala izanda ere, sarrerak agortzeko daude».
Boluntarioen lana
Horrelako jaialdi bat antolatzeak jende askoren laguntza behar du derrigor. Urtean zehar 10 bat pertsona aritu dira lantaldean eta kontzertuaren egunean ia 70 izango dira. Etxeberriak «eskaerrak eman» nahi izan dizkie guztiei.
Egun horretan, Aldapa Haundi elkartekoak ere lanean arituko dira. Artista gonbidatuentzat afaria prestatuko eta zerbitzatuko dute. Haiekin ere gogoratu da Etxeberria, «gonbidatuek asko eskertzen duten zerbait delako».
Bestalde, antolakuntzak jakinarazi du aurten ere Gune Segurua jarriko dutela. Edozein motatako erasoren aurrean, bertara gerturatu daitezke erasotuak edo erasoa ikusi dutenak.