Udaberriko generoz jantzi da Ordiziako feria
Lehen ilarrak, babak, udaberriko azak eta zizak ikusi dira saltzaileen postuen artean; garaiko produktu eta gustuen eskaparate bihurtu da beste behin ere Ordiziako asteroko feria.
M artxoak markatu izan du udaberriko lehen barazki hauen etorrera. Aurten lehenago hasiko ote zen esperantza bazen ere, hileko azken feriara arte itxaron behar izan da lehen ilarrak eta babak ikusteko. Normalean ilarra izaten da lehenbizi ekarri ohi dutena, baina aurten bazebilen baba aurreratuko ote zitzaion zurrumurrua, «sofritzen ari da, ezin aurreratuz», eta azkenean parean iritsi dira. Halere, kopuruz baba nagusi.
Eta ilarra, inoizko garestien atzo, eta gutxi batzuk. Monteseneko barazki salmahaian zeuden. Oraindik barneko bihia txikia dute, azken urte hauetan erabili izan den malko ilarra alegia. Sukaldariek asko goraipatu izan dute, aukeran goizegi jasoa da askorentzat «egin gabea». Kontuak kontu, Arantxa Iparragirrek adierazi zuenez, «eskaera handia da eta duen lana ikusita, kiloa 15 euroan hasi dugu aurten». 200 gramotara nekez iritsiko da jatekoa alea, leka saldari gustua emateko erabili daiteke, baina ez jateko. Hala ere, gainean egotea eskatzen duen barazkia da, erein eta erne orduko pardak edo sokak jarri behar zaizkio han lotu dadin. «Hau oso landare altua da, Dorian motakoa, eta sentibera ere bada hotz, bero eta hezetasunari dagokionez, beraz bildu artean arreta handia galdetzen du», eta oso barazki estimatua da. Aldagai horiek guztiek arrazoitu dezakete duen gorengo prezioa. Ugaritu ahala merkatuko da, baina hala ere 8 euro ingurura arte.
Baba berria, aldiz, 5 euroan zen kiloa, leka eta guzti jateko moduko neurrikoa; atzo bi postutan zegoen, Anoetako Maite Jauregik eta Baliarraingo Edurne Jauregik zuten. Txiki-txiki eginda hasi berri diren tipulin zuria edota gorria nahastu eta erregosita, udaberriko gutizia. Honek ez du halako lanik eta estimaziorik, eta 5 eurotik 3 ingurura arte merkatu ohi da sasoia aurreratu ahala.
Bestalde, azei dagokienez, bukatzen ari dira bruselaza, lonbarda edo brokolia eta lehen udaberriko aza, errepolloa ere esaten zaiona, hasi da. Oraindik buru txikikoa da, euroan bakoitza.
Lehen zizak salgai
Ilarrak barazkietan bezala, udaberriko ziza hau Calocybe gambosa mikologia saileko garestiena da. Kiloko 150 euroko proportzioan zen atzo salgai Mikel Lasaren postuan biltzaile ezberdinek ekarritako kilo erdia. On-ddoak ere bai, kanpokoak, 13 bat kilo, kilo gehienak 38 euroan.
Bestetik, Nafarroatik ekarriak zainzuriak eta orburuak aipagai dira azken asteotan, biak ala biak denboraldi betean, eder askoak. Zainzuriak 4-7 euroan kiloa, berdeak 45 euroan, eta orburuak 2,5-4 artean dozena.