Ura ona, baina garestia
Gipuzkoako Urak agentziak inkesta egin du legazpiarren artean. Bertako etxebizitzetako ur horniduraren balorazioa oso ona da, baina oso garestitzat dute legazpiarrek

Gipuzkoako Urak inkesta egin du legazpiarren artean etxebizitzetako ur horniduraren gaineko asebete maila ezagutzeko. Emaitzak kalitateari dagokionez oso onak dira. Legazpiarrek agertu duten ‘baina’ bakarra uraren prezioari lotutakoa da; garesti edo oso garestitzat du %41ak. Alabaina, kalitatearen eta prezioaren arteko harremana ontzat eman du %70ak.
Hainbat dira baloratzeko eskatu dizkieten ezaugarriak zein faktoreak. Uraren usaina, kolorea, zaporea eta presioaren gainean galdetu diete. Lau ezaugarri horiei dagokienez legazpiarren %93-98 onak edo oso onak direla erantzun dute.
Ur mozketen eta mozketen inguruko ohartarazpenak egon direla adierazi dute bezeroek eta noizbait ordu batzuetan urik gabe egon direla ere bai, hala ere, %5ak baino ez du erantzun hori eman.
Gipuzkoako Urak bidaltzen dituen fakturetan zehaztutako informazioa nahikoa dela dio galdetegia bete duten %80k.