Zeba abesbatzaren azkeneko kantaldia
Olaberriko jubilatuen koruak igandean egingo du jende aurreko azken kontzertua. Taldea desegingo dute. Adinean aurreratutako kantariak izateak eta erreleborik ez etortzeak ekarri du agurra. 17 urtean aritu da.
Olaberriko San Joan elizan, igandean 13:00etan. Horixe izango da Zeba abesbatza zuzenean kantuan ikusteko eta entzuteko azkeneko aukera. Uztera doaz, 17 urteko ibiliaren ondoren. Adinak ez du barkatzen, eta desegitea erabaki dute.
Jubilatuen korua da Zeba, 2002ko urrian udalaren ekimenez eratua, «herriko kultura ekimena aberasteko eta adineko herritarrei denborapasako, sozializatzeko eta arterako jarduera bat eskaintzeko». Harrezkero, astelehenero elkartu izan dira entseatzeko, eta makina bat kantaldi egin dituzte han-hemenka.
«Adin handiko jendea dago koruan, eta erreleborik ez daukagu. Horrela ezin zela jarraitu, eta uztea erabaki dugu. Pena da, baina zer egingo diogu, hasten den guztia bukatzen da; bizilegea da», ebatzi du Zebaren lehendakari Marisol Barreirok.
Garai oparoagoak ezagutu ditu Zebak. 30 abeslaritik gora eduki zituena, adibidez. Gaur egun, 12-13 lagun dabiltza, emakumezkoak gehienak. «Lehen sei gizonezko zeuden, eta orain bi bakarrik».
Adinaren zamak, kideen heriotzek eta berrikuntzarik ezak eragin dute bukaera. «Koruko zaharrenak 85 urte ditu, eta gazteena ni naiz, 67rekin», dio Barreirok. «Morriña» sentituko duela dio lehendakariak. Denak olaberritarrak dira, asko eta asko Ihurre auzokoak.
Bi zuzendari izan ditu
Debora Herrero ordiziarra izan zen Zeba koruaren lehen zuzendaria, 2002tik 2007ra. Alberto Saez Puente mirandarrak hartu zion txanda, eta orain arte jarraitu du. Ormaiztegiko Urmaizeko zuzendari ere izan da, baina hura ere utzi du Saezek.
Olaberriko festetan eta okasio berezietan aritu da Zeba gehien. Araban, Gipuzkoan (beste jubilatu koruekin askotan), Errioxan, Burgosen eta behin Peñiscolan ere kantatuak dira.
Agur kontzerturako, 11 abestiko errepertorioa prestatu dute. Euskal kantuak, habanerak, karibear doinuak eta andaluziarrak kantatuko dituzte. Bukaera, Gora Olaberria ereserkiarekin emango dio Zebak, bai kontzertuari, bai bere historiari.