Eltziegotarrak bisitan etorriko dira Idiazabalera
Aspalditik senidetatuta dauden herriak dira Idiazabal eta Arabar Errioxako Eltziego. Egun osorako egitarau bete-betea antolatu dute, larunbaterako
Urte batzuk badira jada, Idiazabal eta Eltziego (Araba) senidetuta daudela. Harreman horretatik bi bisita egin ohi dituzte urtean. Eltziegotik ordezkaritza bat etorri ohi da Idiazabalera eta alderantziz ere egin ohi dute, Idiazabaldik ere joan ohi dira Eltziegora. Oraingo honetan, eltziegotarrak etorriko dira Idiazabalera. Bihar larunbata egingo dute bisita eta horren harira, egitarau bete-betea antolatu dute idiabaldarrek.
Eltziegoren eta Idiazabalen artean duten senidetzeak urte hauetan guztietan bi herrien arteko harremanak estutzeko balio izan du. Gainera, horren harira tokiko kultura, gastronomia eta turismo eskaintza bertatik bertara ezagutzeko aukera ere eman die bi herrietako herritarrei.
Egitarau oparoa
Goizean goiz iritsiko dira Eltziegotik Idiazabalera. 09:45ean Gaiteros de Elciego taldearekin goiz eresia egingo dute. 12:00etan, Eltziegoko produktuen dastaketa egingo dute. 13:00etatik aurrera, herriko dantza taldeko neska-mutilek emanaldia egingo dute, Gaiteros de Elciego taldeak lagunduta eta 14:00etan patatak errioxar erara dastatu eta tokiko produktuen banaketa egingo dute.
Arratsaldean, Farra Marching Band taldeak kaleak girotuko ditu eta 20:00etan gazta eta ardo dastaketa egingo dute.