Floren Gutierrezi emango diote Olaria Saria, aho batez
Legazpiko jaietan, Santikutz egunean jasoko du Gutierrezek saria. «Harrituta eta ilusioz» hartu du albistea. Danborrada eta alardea suspertu daitezen lan egin du
Floren Gutierrez San Migel (Legazpi, 1961) legazpiar polifazetikoa da. Bere aurpegi askotariko horietatik den-denek ekarpena egin diote beti Legazpiri. Ekarpen horiengatik guztiengatik Legazpiko jaietan, Santikutz egunean, 2019ko Olaria saria jasoko du. Izendapenari herenegungo osoko bilkuran baiezkoa eman zioten aho batez udalbatzarreko alderdi guztiek.
Floren Gutierrezen aurpegiak aletzen hasiz gero, 14 urterekin lanean hasi zen gizona dela esan beharra dago. Legazpiko familia askok bezala, Gutierrezena ere senide ugarikoa zen, bederatzi arreba eta anaia ziren. Industrian hasi zen lanean, soldaduska egin zuen eta itzuleran Txepetxa taberna muntatu zuen anaiekin; Aizkorri kalean dago taberna. Industriara itzuliko zen urte batzuen buruan.
Tarte horretan ezkondu eta seme-alabak izan zituen. Domingo Agirre eskolan ikasi zuten egun alaba gazteenak 23 urte ditu jada eta Gutierrez Santo Tomas azoka sortzen eta prestatzen aritu zen beste guraso eta irakasle batzuekin batera; oraindik ere laguntzen du azokan.
«Ilusioz hartu dut saria, baina ni bezalako
pertsona asko dago Legazpin»«Legazpi barruan daramat eta hortik
ekiteko gogoa bakarrik sortzen da»Floren Gutierrez San Miguel (Olaria Saria)
Gutierrez eta inauteriak
Gutierrez poza eramailea ere bada, baita Legazpiko historiaren eramailea ere. Izan ere, inauterietan mozorrotzeko ohitura dauka eta aukeratzen dituen mozorroak Legazpin bizi izandako pertsonenak dira, arrastoa utzi dutenak: Don Antonio parrokoa, Etxezarreta okina, Joxe Martin traperoa, Maria koltxoi saltzailea Gutierrezen amona eta beste garai bateko pertsonaiak gorpuztu ditu. «Jendea hurbiltzen zait eta pertsonaien istorioak kontatzen dizkit. Asko gustatzen zait jendeak gogoratu dezala eta oroitzapenak haiekin partekatzea. Inauteriek horretarako aukera ematen dute, nahikoa daukagu egunerokoan egin beharreko borroka guztiekin, inauteriak gozatzeko dira», zioen atzo GOIERRIKO HITZAk saria nola hartu duen galdetzeko deitu zionean.
Sariak «poza eta ilusioa» eragin diola zioen, «ni bezalako pertsona asko dago Legazpin, halere». Gutierrezek jaietako danborrada eta San Joan bezperako alardea berreskuratzeko lan handia egin du. Eta, gaur-gaurkoz lortu duela esan daiteke.
Gutierrezen aurpegiak ez dira hor amaitzen, Agenda 21eko Foroko partaidea da eta erlezaina ere bada bere eztia saritua izan da maiz.
«Nik barruan daramat Legazpi, hortik aurrera ekiteko eta eragiteko gogoa bakarrik sortzen dira», dio Gutierrezek. Naturarekiko lotura estua du eta hor ere ederki egokitzen zaio Legazpi, «bizitzeko herri lasaia da eta inguratzen gaituen natura zoragarria da».
Hotz Legazpik aurkeztutako mozioari baiezkoa denek, PSE-EE-k izan ezik
Hotz Legazpi elkarteak Aita Mari itsasontziari buruzko mozioa aurkeztu zuen osoko bilkuran. Aurreko urtarrilean itsasorazeko baimena ukatu zioten ontziari. Legazpiko osoko bilkuran, ontziaren egoera jorratu eta hari itsasoratzeko baimena eman diezaioten eskatzeko mozioa aurkeztu zuen Hotz-ek. PSE-EEk ez beste alderdi guztiek aldeko botoa eman zioten mozioari; sozialistak abstenitu egin ziren.
Mozioak honako datua jasotzen du: 2015etik Mediterraneo itsasoan 14.554 pertsona hil dira, baina askoz gehiago izan daitezkeenaren zantzu garbiak daude. Halaber, Aita Mari ontziaren ekimena zibila dela azpimarratu dute eta aginte publikoek bermatu beharko luketen laguntza humanitarioa eskaintzen ari da.
Abstentzioaren zergatia
Lau puntu hartzen ditu mozioak. Aita Marik egiten duen lanari aitortza egin zion Oscar Valbuena bozeramaile sozialistak, baina laugarren puntuarekin ez zegoen ados. Aita Mari salbamendu lanak egiteko behar den guztia eta lege ziurtagiri guztiak dituen ontzia dela dio mozioak puntu horretan. Valbuenak esan zuenez, «ontziak baimenak ditu Europa hegoaldean, Espainiako uretan eta Maroko inguruetan aritzeko. Arazoa Mediterraneo erdialdean dago eta hango herrialdeetako gobernuek portuak itxi dituztelako da, irekitzen badituzte Espainiako gobernuak ez ditu legeak urratuko itsasoratzeko baimenak emanda».