Musikari irudiak jartzen
Munduan barrena musikaren arloan egosten ari diren proposamenak arakatu ditu Beñat Barandiaran musikariak eta 'Nova' ikus-entzunezkoan aurkeztu du emaitza.
Musika, entzun ez ezik, ikusi ere egin daiteke. Ikus-entzunezko euskarria lantzen ari da azken lau urteotan Beñat Barandiaran (Zizurkil, 1978). “Zertarako musika?” galderari erantzuteko ekoitzi zuen ikuskari bat, 2016an. Erraiak landu zuen duela bi urte; marrazki bizidunen generoari heldu zion iaz; eta, Nova lanarekin, egungo egoera eta etorkizunerako erakuts ditzakeen ildoak aztertu ditu orain. Asteartean aurkeztu zuen, Lazkaon, irakasle gisa lanean ari den Lazkao Txiki Musika Eskolaren kultur astean.
Erraiak lanean iraganari eta musika ondareari begira jarri zen Barandiaran: “Gustatu zitzaion jendeari. Gaur egun entzuten dugun musika gure musika ondaretik sortua dela adierazi nuen. Herri musikatik dator gaur egungo musikariok egiten ari garen lana”. Haren osagarria eta jarraipena da Nova, ikusmira “beste ertzean” jarrita: “Etorkizunera begira egosten ari den musikaren aldea jorratu dut”.
Mundu osoan ibili da igeri, musikaren uretan zein mugimendu zeuden jakiteko. Esperimentazio handia eta musika tresna berri asko aurkitu ditu. “Musika estilo pila bat dago gaur egun, ozeano baten erdian daude, eta galdu egiten gara. Egunero ateratzen dira proposamen gehiago”. Barandiaranek Nova ikus-entzunezko gisa aurkeztu du dokumental moduan baino gehiago. Gidoi bat baduen arren, mutua da. Musika bera da ardatz eta erdigune. Irudiak, berriz, bere artxiboetatik eta Internetetik eskuratu ditu.
Berritzen, Mendebaldean
Musikaren garapena mundu osoan behatu duen arren, Barandiaranek Mendebaldean sumatu du haize berrien brisa, bai teknologikoki, bai esperimentazio aldetik: Europan, AEBetan eta Japonian. “Beste kontinenteetan, oraindik, euren erraietatik datozen musika folklorikoei eusten diete gehiago, edo orain arte egituratuta eta mundu osoan errotuta dauden pop, rock eta musika klasikoari”, azaldu du Barandiaranek.
Esperimentazioan ere dena ez da urrea. “Musika txar asko entzun behar izan dut aukeraketa egiteko”. Berritasunari jarri dio arreta. Galbahe estua da hori musikaren eremuan, lehengo musika ere iristen baita berri etiketarekin. Bereizketa hori egitea izan du helburu, hain zuzen, Nova-n: “Errotutako musika da irratietan, telebistan, Spotifyn edo Interneten entzuten den musika, nahiz eta guri berria dela iruditu. Duela 30 urtetik datorrenaren garapena da orain entzuten ari garen rapa. Ia dena sortuta dagoela esan daiteke”.
Zer da berrikuntza, ordea? Teknologikoki, musika sortzeko sistemetan etor daitekeena. Edo musika jotzeko tresna berrien sorkuntza. “Berrikuntzak estetikoak dira gehiago gaur egun. Soinu aldetik aldaketak daudelako, edo musika tresna bereziak daudelako. Teknologikoki oso azkar doa dena, eta tresna mordoa ari da sortzen. Noski, etorkizunean ikusiko da gitarra elektrikoaren edo biolontxeloaren bizitza izaten duten. Ziurrenik, ez. Hori azaleratzeko egin dut Nova filma”.
“Gaur egun, berrikuntzak estetikoak
dira gehiago, soinu aldetik aldaketak
edo musika tresna bereziak daudelako”
“Dena berritu nahiaren gaixotasuna
daukagu, baina dena asmatuta
dagoela ahazten zaigu”
Beñat Barandiaran (Musikaria eta ‘Nov’ ikuskariaren egilea)
Barandiaranek “gauza bitxiz” bete du ikus-entzunezkoa. 70 minutuko bidaian, ez dago aspertzeko betarik. “Musika ona diodanean, emozio bat sortzen duen musikaz ari naiz hizketan, edo lehendik egindako klixeetan erortzen ez den horretaz”. Ezustekoa eman edo harridura sortzen duen musika ere aurkitu nahi izan duela gaineratu du. “Berritzailea delako. Horregatik bakarrik ez da ona, baina ezinegon bat islatu edo aurreneko inpresioan ‘zer da hau?’ esanarazten dizuna jaso nahi izan dut nik”.
Musikaren etorkizunean zer etorriko den aurreikustea ezinezko iruditzen zaio Barandiarani. “Ez dakit hori jakiteak gehiegi axola duen ere”. Garrantzitsua da, ordea, zer esperimentatzen ari den ikustea. “Fusio baten ondorioz etortzen dira harritu gaituztelako iraungo duten gauzak; ikasi dugun antzinako musika errespetatuz, hortik aurrera soinu berriekin edo beste estilo batzuekin nahastuta, edo musika tresna berriekin eginda. Bertsolaritzan eta diziplina guztietan gertatzen da hori: zerbaitek aurrera jarraitu behar badu, etengabeko berrikuntza behar du”.
Aurrerabiderako, hala ere, iragana begi bistatik ezin dela galdu ere argi dauka Barandiaranek, Erraiak lanean iradoki zuen bezala. “Jaso dugun ondarea eta kultura errespetatzen ez bada, eta sortzen duguna ibai horretan ez badoa, musika horrek ez du asko iraungo. Azken batean, gauza hotzez eta plastifikatuz beteta gaude, eta arima pixka bat ez badauka, ez gaitu hunkituko”. Musikariaren hitzetan, gaur egun, oraindik, zerbaitegatik entzuten dira musika klasikoa edo rock klasikoa. “Dena berritu nahiaren gaixotasuna daukagu, baina dena asmatuta dagoela ahazten zaigu. Aurrejuzguak utzi, eta musika tresna berriekin esperimentatu bai, baina ez genuke ahaztu behar nondik gatozen”.
Aurrerapauso asko
Ordenagailuen bidezko musika sorkuntzan, adibidez, hardwarea asko hobetzen ari da, musika jotzen duenak gailuarekin komunikatzeko bideak eta aukerak ugarituz. Horrez gain, fonokaptoreen edo mikrofonoen esparruan aurrerapausoak ematen ari dira gaur egun, urpean musika graba dezaketenak edo bibrazioak jasotzen dituztenak asmatu baitituzte jada. “Hala ere, tresna mekanikoak egiten dira, oraindik ere”, zehaztu du Barandiaranek. “Zinema munduan, estudio handiek musikaren soinu akustikoen alde egiten dute oraindik ere”.