Sei trikitilari bikotek joko dute bihar Lazkaoko txapelketan
Lazkao Txiki Musika Eskolaren kultur astea azken txanpan sartuko da, gaur, aste oparoaren ostean. Herenegun, Iker Laurobak eta Izaro Andresek entzule mordoa erakarri zuten, eta atzo erromeria izan zen plazan, Oin-Arinekin, Musika kalean saioan.
Maizpiden euskal kantuak abestuko dituzte, gaur, 11:30ean. Haurrentzat, Txantxariak kale animazioa egongo da frontoian (17:00), eta eskolako konbo taldeen kontzertua gero (19:00).
Asteburuan, bi ekitaldi aipagarrik borobilduko dute kultur astea. Bihar, 17:00etan, Lazkaoko III. Trikiti Txapelketa jokatuko da, plazako frontoian. Sei trikitilari-pandero jotzaile bikotek parte hartuko dute: Eneko Urkola eta Julene Sarabia (Zaldibia-Arrasate), Nahia Dorronsoro eta Iraia Arteaga (Bidania Goiatz-Urrestilla), Iñaki Oria eta Ane Etxezarreta (Zaldibia-Olaberria), Ane Etxezarreta eta Sara Iriarte (Olaberria-Villabona), Irati Artzelus eta Josu Garmendia (Lazkao-Gaintza), eta Ane Urretabizkaia eta Irati Artzelus (Lazkao).
Tio Teronen Semeak, etzi
Igandean, azken hitzordua, dantza eta zuzeneko musika uztarketa izango da. Tio Teronen Semeak taldeak ikuskizuna egingo du, 13:00etan, plazan.













