17 urtean eraikitako ibilbidearen amaiera
Olaberriko Zeba abesbatzak azken kontzertua eman du gaur herriko elizan. 17 urtean aritu dira abesten, baina gaur egungo abeslariei lekukoa hartu nahi dieten kantari gutxi daudenez, taldea desegitea erabaki dute.
Zeba abesbatzak azken kontzertua eman du gaur Olaberriko San Joan elizan, meza amaitu ostean. Hainbat estilotako 11 abesti prestatu dituzte kontzerturako: euskal kantak edo habanerak, esaterako. Amaieran Gora Olaberria abestu dute. Taldea 2002an sortu zuten, eta 17 urtean ibilbide ederra egin dute: hamaika kontzertu eman dituzte. Ibilbide horri, ordea, amaiera ematea erabaki dute: taldekideak adinean aurrera doaz eta abesbatzan hasi nahi duten abeslariak bilatzea zaila da. Abesbatzak garai oparoetan 30 kidetik gora izan zituen, orain, ordea, 12-13 besterik ez ditu.
Deborah Herrero ordiziarra izan zen Olaberriko koruko lehenengo zuzendaria: 2002tik 2007ra aritu zen lider lanetan. 2007an Alberto Saez Puente mirandarrak hartu zion lekukoa, eta gaur arte bera izan da Zeba abesbatzako zuzendaria. Agurrak tristeak izan ohi diren arren, zoriontasunez beteriko oroitzapenak bildu dituzte Zeba abesbatzako kideek 17 urtean.