Amaia eta Lide Erbina ahizpak Europako txapeldun, Espainiako selekzioarekin
Espainiako errugbi selekzioak 54-0 mendean hartu du Herbeheretakoa Europako Txapelketako finalean; Lide eta Amaia Erbina ahizpek partida osoa jokatu dute elkarrekin.
Amaia eta Lide Erbina ahizpa ordiziarrek beraien kirol ibilbideko egunik handienetako bat bizi izan zuten larunbatean. Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketa irabazi zuten, finalean Herbeheretako taldeari 54-0 irabazita. Madrilgo El Central estadioan 9.000 lagun elkartu ziren finala ikusteko.
Partidaren biharamunean, artean gertatutakoa “sinistu gabe” zegoela azaldu zuen Lide Erbinak Euskadi Irratiko mikrofonoetan. “Madrilen 9.000 lagunen aurrean jokatzea, gure familiakoak eta bertan zeudela, izugarria izan zen”. Iaz ere Europako Txapelketako finalean Herbehereak izan zituzten aurkari, eta ezagutzen zuten aurkaria; horregatik, erraz hartu zuten mendean. Orain helburua “bi urte barru jokatuko den Munduko Txapelketa izango da” eta hor Sei Nazioen Kopako selekzioak izango dituzte aurkari. “Europako Txapeldun atera arren, beste nazio eta talde asko daude gure gainetik, eta Holandaren aurrean gure maila erakutsi genuen, baina oraindik gauza gehiago ditugu egiteko”.
Bi ahizpek elkarrekin jokatu duten aurreneko finala izan da. Orain arte ere jokatu dute biek Espainiako Selekzioarekin, baina “konpetizio ezberdinak eta lesioak tarteko” direla, elkarrekin eta osorik jokatu duten lehen finala izan da, eta Lide Erbinaren hitzetan, hori “izugarria” izan da bientzat.