Danel Olano getariarra eta Eli Pagola hernaniarra izan dira Argi Berri sariko bertsolari onenak
Olano eta Pagola dira Ordiziako kanporaketan apirilaren 27an jokatuko den Osinalde sariketako finalerako txartela lortu dutenak.
Danel Olano (Getaria) eta Eli Pagola (Hernani) izan ziren larunbatean Ordiziako Argi Berri elkartean jokatu zen bertsolari gazteen 48. Osinalde sariketako lehen kanporaketa gainditu dutenak epaileen iritziz. Olano eta Pagola beraz, datorren apirilaren 27an Gabiriako Osinalde elkartean jokatu den finalean izango dira. Entzuleen sariari dagokionez getariarrak eraman zuen eta Iñigo Huesa Argi Berri Elkartearen presidentearen eskutik Anton Mendizabal eskultoreak egindako Txikia oroigarria jaso zuen. Bertsolaririk gustukoena eta XXII. Argi Berri saria irabazi du, beraz, Danel Olanok.
Giro apartarekin jokatu zen larunbatean Argi Berri saria. 40 bat lagun elkartu ziren afaltzeko eta sei izan ziren kantuan aritu ziren bertsolari gazteak: Eli Pagola (Hernani), Paule Loizaga (Sopela), Elixabet Etxandi (Izpura), Danel Olano (Getaria), Kerman Diaz (Urruña) eta Jokin Irastorza (Oiartzun).
Aurkezle lanak Igor Egurenek egin zituen eta bertsolariak kopletan aritzeko, Josu Albisu eta Furriela trikitilarien laguntza izan zuten. Epaile lanetan, berriz, Ainhoa Mujika, Nikolas Zeberio eta Mikel Urteaga aritu ziren.
Bertsolari bakoitzak, Lazkao Txiki zenaren pasadizoak jasotzen dituen Irriz eta malkoz bi tomoak jaso zituen.
Beste bi kanporaketa
Argi Berrikoa pasata, beste bi kanporaketa geratzen dira aurretik finalera iristeko. Osin Berde Saria Zaldibian jokatuko dena apirilaren 6an izango da eta Aztiri Sariaberriz Gabirian apirilaren 13an.