Gari Bravok eroriko batekin bukatu du Volta, baina ez du hautsirik
Volta Catalunya proba utzi behar izan zuen atzo txirrindulari lazkaotarrak, eroriko bat tarteko. Hautsirik ez du ordea, eta Itzulian izateko esperantzarik ez du galdu.
Euskal Herriko Itzulia hasteko astebete eskas falta dela, Garikoitz Bravo txirrindulari lazkaotarrak sustoa izan zuen atzo. Kataluniako Volta utzi behar izan zuen, erorikoa izan eta gero. “Eskuin orkatilan eta aurreko tibian min” zuela esan zuen Bravok berak atzo arratsaldean, eta gauean Gipuzkoako Poliklinikan probak egin behar zizkiotela. “Hausturarik ez badago Itzulian ikusiko nauzue” esanez eta kezka agertu zutenei eskerrak emanez bukatu zuen sare sozialetan idatzitako mezua.
Handik ordu batzutara, Euskadi Murias taldeak zabaldutako beste mezu batean, “erorketa gogorra” izan bazen ere, Bravok hausturarik ez duela diote; eskuin orkatillan kolpea bai, baina ez garuneko eta ez toraxeko kommoziorik ez duela ziurtatu dute. Hala, erabat baieztatu ez badute ere, Bravo Zumarragako irteeran izateko aukera bada oraindik.