Pentsio duinen alde elkarretaratzea egin dute gaur Goierriko Pentsiodunek
Herritar guztiei dei egin diete mobilizazioetan parte hartzeko.
Goierriko Pentsiodunek deituta elkarretaratzea egin dute gaur goizean Ordiziako Plaza Nagusian eta herritar ugari bildu da “pentsio duinen alde”. Gainera, datorren apirilaren 28an Hauteskunde Orokorrak izango direla eta, pentsidunen mobilizazioak “garrantzitsuak” izango direla aurrikusi dute. Adierazi dutenez “partidu politiko batek ere ez dio pertsona nagusien botoari garrantzia kentzen eta seguraski, denen aldetik hitz on ugari izango dituzte gure aldarrikapenek eta gure mugimenduek”. Dena den, “historiak erakutsi du hitzak haizeak eramaten dituela aulkia edo jarlekua hartu ondoren”. Horregatik “inoiz baino irmoago eta konbentzituago” daude eta “etorkizunean duintasunez bizi ahal izateko aldarrikapenak lortu arte etsiko ez” dutela esan dute.
Horrez gain, partidu politikoei eta gizarte osoari gogorarazi dizkiete aldarrikapenak: Pentsioen sistema publikoa blindatzea; Europako Gutun Sozialarekin konpromisoak betetzeko urrats esanguratsuak ematea; legez eta betirako urteroko eros ahalmena bermatzea; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea; 1.200 euroko gutxieneko soldata; prekarietatea areagotu duten lan erreformen indargabetzea; jasangarritasun faktorearen indargabetzea; 40 urte kotizatuta izanda erretiro aurreratuari zigorrik ez ezartzea; eta azkenik, genero arrazoiengatik pentsioen diferentziak bukatzeko neurri eraginkorrak hartzea.
Bukatzeko, “Hego Euskal Herriko pentsiodun guztiei eta herritarrei orokorrean, mobilizazioetan parte hartzera dei egin” diete. Astelehenetan herrietan egin ohi diren elkarretatzeez gain, datorren apirilaren 13rako, hiriburuetan manifestazioak daude deituta. Donostian, 17:00etan egingo dute Alderdi Ederretik abiatuta. Bestalde, hurrengo asteetan Goierri behean egingo dituzten mobilizazioak gogorarazi dituzte. Datorren astelehenean apirilak 8, Lazkaoko udaletxeko plazan bilduko dira 11:00etan, eta apirilaren 15ean berriz, Ordiziako Plaza Nagusian, 11:00etan.