Bibrazio onekin, dantzatu reggae
Bosgarren Legoreggae jaialdiak goraino bete du Legorretako Harripila kiroldegia. Kabaka Pyramid eta Tressha izan dira jaialdiko artistetako batzuk. Antolakuntzak aurtengoa guztietatik «onena» izan dela esan du.
Reggae doinuek eta bibrazio onak harrapatuta, ordu batzuz Jamaikara bidaiatzearen parekoa izan da aurtengo Legoreggae musika jaialdia. Bosgarren edizioa zuten aurtengoa, orain arteko «borobilena» izan dena.
Harripila kiroldegira gerturatu ziren guztiak dantzan jarri zituen Legoreggae jaialdiak zapatuan. Antolakuntza taldeko Iñigo Etxeberriak «orain arteko jaialdirik borobilena» dela azaldu du, aurtengo jaialdiaz galdetuta. Duela bost urte, Legorretako plazan jarritako karpa txiki batean egin zuten lehenengo Legoreggae jaialdia, 450 bat lagunen aurrean. Harrezkero, urtetik urtera zentzu guztietan hazten joan den ekitaldia da, bai musikarien mailari dagokionez eta baita aforoari dagokionez ere. Aurten, 1.050 pertsonentzako lekua egon da. Orain arteko jaialdirik jendetsuena eta sarrera guztiak jaialdia hasi baino egun batzuk lehenago agortu ziren.
Antolakuntzako kideek balorazio «oso positiboa» egin dute. Kalean «giro polita» egon zela eta kiroldegiko kontzertuak «oso ondo» joan zirela esan dute. Eta bat datoz bosgarren hau ediziorik «onena» izan dela esaterako garaian.
Legorreta goraino
Urteko sasoi honetan, sagardotegi garaia izanda, ohi baino jende gehiago dabil Legorretan asteburuetan. Baina pasa den larunbatean, arratsalde hasieratik somatzen zen zerbait gehiago ere bazela. Etxeberriak berak nabarmendu du jendearen erantzunarekin «oso pozik» daudela. «Sekula baino jende gehiago gerturatu da Legorretara jaialdiak erakarrita».
Kaleak ederki girotu zituzten Basherri Sound Systemeko lagunek eta iluntzean, Euskal Herriko eta nazioarte mailako punta-puntako artistak pasa ziren oholtza gainetik. Kartel burua, Kabaka Pyramid talde jamaikarra izan zen.
Tresharekin dantzan
Aurtengo jaialdiak dantzariak ere ekarri ditu. Ander Nogales legorretarrak eta haren ikasle Maitanek eta Irenek, gaueko kartela osatu zuen beste artista batekin dantzatu zuten, Tressha keniarrarekin. Kontzertuen arteko tartea girotzea zen asmoa. Baina Tresshak dantzariak egongo zirela jakin zuenean haiekin harremanetan jarri eta pertsonalki eskatu zien abestu bitartean berarekin taula gainean dantza egiteko. Eta halaxe egin zuten. Beraz, reggae doinuez gain, sorpresaren bat edo beste ere ekarri du jaialdiak.